GARA
BILBO

Genero identitatea ardatzean jarriko du Zinegoak jaialdiak

Zinegoak jaialdiaren 14. edizioko kartelak lotura du genero identitate eta adierazpenarekin, genero identitatea izango baita aurtengo edizioko ardatzetako bat. Bilboko nazioarteko LGTB zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioko kartela aurkeztu zuen atzo. Zinegoak jaialdiak 14 urte beteko ditu aurten, eta edizio honetako kartelaren protagonista muxe bat izango da. «Tehuantepec lurraldeko zapotec kulturak aspalditik onartzen du hirugarren genero hau bere gizartean; ez dira emakumeak edo gizonezkoak baino hobeak edo okerragoak, ezberdinak dira, eta berezitasun propioak eta ezberdinduak dituzte. Hainbat kultura zaharretan, oso ohikoa da hiru edo bost genero ezberdin onartzea», esan zuten. Gai nagusitzat hori hautatuta, Zinegoak otsailaren 20an hasi eta martxoaren 5ean amaituko da eta Bizkaiko hiriburuko hainbat kultur gune eta areto zinemaz, arte eszenikoz eta kulturaz beteko dira.