GARA
bilbo

Grebak otsail osoan segituko du Bizkaiko zahar egoitzetan

Bizkaiko zahar egoitzetako langileek otsail osoan greba egitea erabaki dute, sektoreko patronalek negoziatzeko borondaterik ez dutela eta Bizkaiko Foru Aldundiak hauek babesten dituela ikusten dutelako.

Lehenago akordiorik lortu ezean, otsailaren 1ean hasiko da Bizkaiko zahar etxeetako hurrengo greba eta, gutxienez, hilabete iraungo du. Orain arteko luzeena izango da, gaur arte egindako 75 greba- egunen jarraipena. ELAn bildutako sektoreko ordezkariek aho batez hartu zuten erabakia aste honetako bileretan eta atzoko batzarrean.

Borrokan segituko dute iruditzen zaielako sektoreko patronalek ez dutela langileen eskaerak betetzen dituen eta sektoreari duintasuna ematen dion proposamenik aurkeztu eta, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak patronalen ikuspuntua babesten jarraitzen duela ikusten dutelako.

Batzarrean elkartutako ehundik gora ordezkariak gogaituta agertu ziren «patronalaren geldotasunagatik», azken proposamena orain dela 75 egun baino gehiago egin baitzuen. Sindikatuentzat proposamen hura «ganorabakoa» izan zen, «langileei begirunea galtzearen parekoa». Nabarmendu zutenez, orduz geroztik erabiltzaileek eta beren senideek sufritu dituzte zerbitzuaren gabeziak. Hala islatu da behin baino gehiagotan Bizkaiko egoitzetako arreta-kalitateari buruz egin diren txostenetan.

ELAko kideek patronalen egoera «erosoa» salatu zuten, «Aldundia aldeko baitute. Honek ustekabean hiru bider luzatu du ohe-kontzertazioa eta, gainera, enpresei ordaintzen die eskaintzen ez duten zerbitzu batengatik. Hortaz, grebak iraun bitartean, enpresek %30 gehiago irabaziko dute».

Aldundiari mezua

Sektoreko ordezkariek gogorarazi dute foru instituzioak Bizkaiko 7.500 oheetatik 5.000 finantzatzen dituela eta bera dela zerbitzua ematearen erantzule nagusia. Baina, kritikatu dutenez, «bere ardurapeko sektore baten gatazkari konponbideak bilatzen lagundu beharrean, eta milaka herritarrentzako zerbitzuaren kalitatearen alde egin beharrean, patronalari begiratzen dio».

Horregatik guztiagatik, langileek borrokan jarraituko dute, «azaldutako eskaerak bete, ratioak hobetzeko behar beste diru bideratu, zentroetako langile kopurua handitu eta langileei lan-baldintza duinak eskaintzen zaizkien arte».