Gotzon ARANBURU
JAZARPENAREN KONTRAKO EKIMENA

IKASTOLEK KIVA PROGRAMA MARTXAN DUTE DAGOENEKO

JAZARPENAREN KONTRAKO TRESNA DA KIVA, FINLANDIAKO TURKU UNIBERTSITATEAK GARATUA. EREDUTZAT HARTU DU IKASTOLEN FEDERAZIOAK ETA 52 IKASTOLETAN EZARRI. ORAINGOZ 18.149 IKASLERI ERAGINGO DIE KIVAK, HORIEN ARTEAN ANDOAINGO AITA LARRAMENDI IKASTOLAKOEI. KIVA EGUNA DELA-ETA, BERTATIK BERTARA EZAGUTU AHAL IZAN DUGU PROGRAMA.

Zazpi irakasle joan ziren iaz Finlandiara, KiVa ezagutzera, edo hobeto esanda, ikastera. Egunero jasotzen zuten formakuntza teorikoa eta ikasleekin, irakasleekin, bestelako langileekin eta gurasoekin nola lan egin ikasi zuten fakultatean. Praktikak eskoletan egin zituzten, KiVa talde batean integratuta, bullying kasu bat detektatzen denean nola jokatu ikasteko. Irakasle horietako bat Ane Jalon da, Gipuzkoako ikastolei KiVa formakuntza emateaz arduratuko dena.

«Jazarpena egon badagoela eskoletan, horren zalantzarik ez dago, berehalakoan ikusi edo ez. Hauxe da KiVaren helburuetako bat, balizko kasu guztiak detektatzea. Detektatu ondoren, ikusiko da bullying kasu batean aurrean gauden, liskar arrunt bat izan den, edo beste zerbait. Alegia, bi eginkizun ditu: arazoa detektatu eta arazoa konpondu», diosku Anek. Urtarrilean hasiko da aplikatzen KiVa egitasmoan parte hartzea onartu duten 52 ikastoletan. Lehenengo bileran KiVa orokorrean zer den azalduko dute Anek eta bere lankide Jon Vazquezek. Bigarrenean, hamar unitate didaktiko eta bideo joko bat. Eta hirugarrenean, KiVa talde bat nola eratzen den erakutsiko diete, jazarpen kasu bat gertatzen denean protokoloa aplikatzen hasteko. Pauso hauek emanda, ikastola jakin horretako KiVa arduraduna izendatuko dute.

Aita Larramendi ikastolan gelaz gela ari dira KiVa lantzen. Hasteko, arbelean hainbat arau idatzi dituzte irakasleek, “KiVa konpromisoa” delakoa osatzen dutenak. Lehenengoa, «ez dugu inork sufritzerik onartuko». Bigarrena, «ez gara ikusle hutsak izango». Horrela, zortziko multzoa osatu arte. Ondoren, kartelak idazteari ekin diote umeek. Lanak bukatutakoan, kartelak ikastolako sarrerako panel batean ezarri dituzte. Gelaz gela jaitsi dira ikasleak eta poliki-poliki mural bat osatzen joan da denen aportazioekin.

Ikastola bakoitzeko KiVa arduradunak bilera ziklo bat hasiko du, irakasleekin eta Lehen Hezkuntzako guraso guztiekin. Gurasoentzat bereziki prestatutako gida bat ere badago, nahi duten une oro Interneten kontsultatu dezaketena. Gida hori baliagarria da bai semea edo alaba erasoa jasan duena bada, bai erasotzailea bada, eta bai ikuslea bada. Izan ere, gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da jazarpenaren kontrako ekimen hauek arrakasta izateko. Konfiantza eduki behar dute, ikastola gai izango dela bullying kasuak detektatzeko eta aurre egiteko. Eta ez nolanahi, inprobisatuz, baizik eta eraginkorra dela erakutsi duen protokolo baten bidez. Era berean, laguntza eskatzen die eskolak, seme-alaba biktima edo erasotzaile izan daitekeela antzematen badute, jakinarazteko.

Jazarpena mundu mailako fenomenoa da. Estatistiken arabera, hamar ume eta nerabetatik batek jasaten du bullyinga. Testuinguru honetan, Ana Jalonek azpimarratu digunez, garrantzitsua da jazarpen kasuetan «ikusle» diren neska mutikoen jarrera aldatzea, hau da, pasibotasunetik jazarpenaren aurkako jarrera hartzera bultzatzea. Biktimarekiko enpatia bilatzen du KiVak eta, ikusi dugunez, pronto daude horretarako Larramendi ikastolako ikasleak.