GARA
Donostia

Jose Maria Sert margolariaren lanak aurrez aurre, San Telmon

«1936. Jose Maria Sert eta Nazioen Liga. Optika eta diplomazia» erakusketa martxoaren 5era arte ikusteko aukera izango da San Telmo museoan. Erakunde horren Genevako egoitzarako egindako horma-irudiaren estudioek eta bestelako dokumentuek osatutako bildumak ixten du Donostia 2016ren eta Salamancako Unibertsitatearen Bake-ituna proiektua.

San Telmo museoko altxor nagusietako bat elizako kaperan dauden Jose Maria Sert (Bartzelona 1874-1945) artista katalanak margotutako mihiseak dira. 1934an egindako 11 oihalek “Herriaren elegiak” osatzen dute, Euskal Herriaren lorpen zibilei eta lanari buruzkoak. Martxoaren 5era arte, obra horiek aurrez aurre izango dituzte margolariak beste lan batzuetarako egindako zirriborroak eta horien inguruko argazkiak eta dokumentuak. Etxeberriatarren kaperako elementu horiek guztiek “1936. José María Sert eta Nazioen Liga. Optika eta diplomazia” erakusketa osatzen dute, eta, horren bidez, Serten jardun estilistikoa ezagutzeko aukera izango du bisitariak, entseguak eta emaitzak alderatuz.

Patricia Molins komisario duen bilduman, zehazki, artista katalanaren hiru proiektuetarako egindako probak bildu dituzte: Nazioen Ligako egoitzakoa (1935-36), New Yorkeko Rockefeller zentrokoa (1933) eta Toledoko alkazarreko kriptarakoa (1940-1942). Hainbat etapatako obrak elkartu dituzte Parisetik, Madriletik eta Bartzelonatik ekarrita. Aurrez Salamancako Unibertsitatean ikusgai izan diren lanei, Kataluniako Museu Nacional d’Arteko bost obra eta bilduma partikular bateko beste bat gehitu dizkiote.

Museoak berak eta Donostia 2016 Fundazioak antolatuta, Salamancako Unibertsitatearekin batera gauzatu duten Bake-ituna proiektuaren ikerketa, kasu, monografikoetako bat da. Egitasmoak XVII. mendeko Salamancako Eskolak eta Francisco de Vitoriak nazioarteko zuzenbideari egindako ekarpena du ardatz, gerraren eta bakearen arteko hartu-emana aztertzeko.

Bakea eta gerra, ardatz

Hain zuzen ere, gai hori bera islatzeko eskaera egin zion Serti Errepublikako gobernuak, Salvador de Madariaga diplomazialariaren bitartez Nazioen Ligak Genevan (Suitza) zeukan jauregiko bilkura areto nagusia apaintzeko ardura ematean. 1935-36 artean egin zituen horma-oihalen zirriborroek San Telmoko kaperaren erdigunea hartzen dute. Olio beltz eta urre koloreko mihiseak dira. Bakea eta gerra, gizateriaren garapena, justizia eta nazioarteko zuzenbidea errepresentatzen duten alegoriak dira. Bisitariak parez pare topatuko duen erdiko alegorian, bost titan ageri dira elkarri eskua emanda. Bost kontineenteen batasuna irudikatu nahi izan zuen Sertek, gerrak saihesteko bide gisa. Halaber, Francisco de Vitoria eta Salamancako Unibertsitateko beste irakasle batzuk ere gorpuztu zituen. Mihiseen prestaketa lanekin batera, originalen argazkiak eta dokumentazioa ikus daiteke. Esaterako, lan horrengatik gobernuak ordaindutako 500.000 pesetek eragindako eztabaida parlamentarioari buruzkoa.

Aretoaren inaugurazioak, paradoxikoki, bat egin zuen 1936ko gerraren piztearekin. Bi aldeek tirabirak izan zituzten Nazioen Ligarekin: frankistek ez zuten aitortzen erakundea, gaizkiaren pertsonifikazioa ikusten baitzuten berorrengan; errepublikazaleek, berriz, ez zuten lortu honek onartzea legezko gobernu baten aurka esku-hartze atzerritarra egon zela. Molins komisarioaren esanetan, «Sert Espainiako enbaxadako agregatu diplomatikoa izan zen Parisen, bere bizilekuan, baina errepubikazaleek Vic-eko katedrala erre zutenean –bere obra onena–, matxino frankistak aktiboki babesteari ekin zion Sertek, eta haien margolari ofizial bihurtu zen ia». Horren erakusle, Parisko 1937ko Nazioarteko Erakusketaren Vatikanoko Pabiloian margotutako Santa Teresari buruzko horma-irudia, matxinoak garaipenera gidatzen ari dena –ekitaldi berean Pablo Picassok “Gernika” erakutsi zuen Errepublikaren aretoan–; edota frantsesen esku zeuden “Elxeko Dama” eta beste artelan batzuk itzul zitzaten erdietsi zuen.

New York eta Toledo

Nahiz eta erakusketaren bihotza izan, Genevako mihiseaz gain, beste bi proiekturen inguruko irudiak ere badaude. 1933an New Yorkeko Rockefeller Center-eko atondoan Diego Riveraren margolanak ordezkatu zituen. Izan ere, mexikarrak sinbolismo komunistaz betetako murala osatu baitzuen, Lenin, Trotski eta Marx ere marraztuz. Jabeak suntsitu eta hainbat artistari eskaini zioten berria egitea. Irudi titanikoei protagonismoa eman zien Sertek, aldaketa ekarriz bere estiloari. Horren zirriborroekin batera, inoiz gauzatu ez zuen Toledoko Alkazarreko kriptarako egindako bi ere badira erakusketan. Batean, matxinoak ageri dira Ama Birjinaren laguntzaz murru bat botatzen, bestean, zeruetara igoera.