Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Soka», eskola jazarpenaren gaineko begirada subjektiboa

Gai korapilatsua, ertz askokoa da eskola jazarpenarena. Pertsona bezainbat bizipen, bizipen bezainbat sentipen sorrarazten dituena. Horregatik erabaki du Mikel Gurreak begirada posible bat, bizipen subjektibo batetik abiatutako testua osatzea «Soka» antzezlana oholtzaratzeko: 11 urteko haurraren gorpu urkatua aurkitu duen soinketa irakaslearena. Testu irekia dela dio autoreak, erantzunik gabekoa, hausnarketa sustatu nahiko lukeena.

Ikus-entzunezkoen alorretik dator Mikel Gurrea. Irratian entzun omen zuen Donostia 2016k Antzerkigintza Berriak proiektuaren bidez testu dramatikoen sorkuntza sustatzeko bidea ireki nahi zuela eta proba egitea erabaki zuen. Orduan hasitako ibilbidearen emaitza da “Soka”, eskola jazarpenaren gai korapilatsuari begirada subjektibo eta hausnarkorretik heldu nahi izan dion antzezlana.

Eszenarako, bakarrizketa formatua hautatu du Gurreak. Oholtzatik Igor (Iñaki Iriarte) soinketa irakasleak hitz egingo dio guraso-bileran dagoela irudituko zaion ikuslegoari, eta honek kontatuko die ze sentitu zuen eta zelako hausnarketa egin duen urtebete atzera entrenamenduko soka batekin urkatutako 11 urteko haurraren gorpua aurkitu zuenetik. «Kezka batetik sortu zen testua. Burutik pasatu zitzaidan irudi beldurgarrienetik abiatzen da eta ikusleari hausnarketa bat planteatzen zaio, emaitzarik gabeko hausnarketa», azaldu zuen testuaren egileak “Soka”-ren aurkezpenean. Testua antzezlan bilakatzeko bidean, Gurreak lagun izan ditu Fernando Bernues eta Iñaki Iriarte. Lehenak, Donostia 2016tik proiektuan parte hartzeko proposamena egin eta Gurrearen testua irakurri zutenean Tanttakatik «poza» sentitu zutela ziurtatu zuen. «Poza, pozgarria delako halako testuekin topo egitea, abusuaren gaineko hausnarketa guztiz etikoa delako eta gai hori maiz landu dugu Tanttakan. Problematika gogor bati eusten dion testua da». Eta «poza», baita ere, proiektuaren beraren planteamenduagatik. «Ikerketa dramaturgikoa egitea horren zail zaigun marko honen baitan testu berriak sortu nahi dituen proiektu bat egotea guztiz pozgarria da guretzat», ziurtatu zuen Bernuesek. Alde horretatik, proiektura Donostiako Victoria Eugenia, Bilboko Arriaga eta Gasteizko Principal antzokiak batu izana txalotu zuen antzezlanaren zuzendariak eta etorkizunean gisa honetako elkarlanak egotearen aldeko apustua egin zuen. «Instituzioetatik ez da halakorik bultzatu, eta Hiriburutzak iraun duen artean erakutsi den elkarlanerako jarreraren ondotik baliabideak agertu dira eta ikusi ahal izan da profesional sare inportante bat badugula», ebatzi zuen.

Nazioartera begira

Testua oholtzaratzeko bakarrizketa formatua hautatu dute eta, esan bezala, Iñaki Iriarte izango da antzezlea. “Uda gau bateko ametsa” amaitu ostean, Bernuesen eskutik iritsi zitzaion antzezlanean parte hartzeko proposamena. «Oso testu ona iruditu zitzaidan, egitura ona duena eta autorearen nortasuna ere erakusten duena. Hori xehetasunetan ikusten da, eta horietan ikusten da oso autore inteligentea dela», esan zuen.

Bernuesek “Soka”-k nazioartean ere oihartzuna izango duela uste du: «Konbentzitua nago munduko herrialde askotan ikusi ahalko dela», esan zuen, eta, Etxepare Institutua bezalako erakundeei erreferentzia eginez, antzerki testuen nazioartekotzearen alde lan egin beharko litzatekeela nabarmendu zuen, «beste hainbat herrialdek egiten duten bezala».

“Soka” otsailaren 1ean, asteazkenarekin, estreinatuko dute euskaraz Donostiako Victoria Eugenian; hilaren 8an gaztelaniaz, eta DFerian ere emango dute, Bernuesek aipatu nazioartekotze horri begira.