Javier Aramburuk margotutako Done Sebastian garaikidea ikus daiteke Koldo Mitxelenan
Artista donostiarrak jaioterrian egiten duen lehen erakusketa koadro bakarrak osatzen du, hain zuzen ere, hiriari izena ematen dion martiriaren irudi batek. Martxoaren 4a arte ikusgai dago Ganbaran.

San Sebastianen irudikapen «zirraragarri» batek hartu du Koldo Mitxelenako Ganbara aretoa martxoaren 4a arte. Ia erabateko iluntasunean, gelaren erdian zintzilik dago Javier Aramburu donostiarrak margotutako koadroa. 2,60 metroko luzera eta 1,60ko zabalera du olio-pinturak. “Done Sebastian” hori da bildumako obra bakarra. Hala ere, ezker hormaren albo batean egilearen amaren erretratu txiki bat ere bada, hari eskaini baitio. Jaioterrian egindako lehen erakusketa.
Pinturaren historian gehien irudikatu den pertsonaietako bat berreskuratu du, haren garaikidetasuna nabarmentzeko. III. mendean santuak aukeratu egin behar izan zuen bere ideiei uko egin edo hiltzearen artean, eta hogei mende geroago ere «antzeko menderatze modu berriak errepikatzen dira gure garaian eta gure herrian», egilearen ustez. Ez zen erakusketaren aurkezpenean egon, baina hainbat ideia jaso zituen ohar batean koadroari eta bere erabakiari buruz. «Historiak erakusten digu, zerbait adieraztekotan, obrak berak adierazi behar duela eta ez obraren egileak», idatzi zuen eta komisario lana egin duen Alvaro Matxinbarrenak bere azalpena eman zuen ildo beretik, «irudia lantzen duelako eta ez hitza. Ez du bere obraz hitz egiten, ez da beharrezkoa». Bera ere ez zen luze mintzatu, hainbat zehaztapen eta iritzi eman bazituen ere.
Ganbara, kapera
Martiri paganoa margotu du. Bi odol zauri ditu, ezker besapean eta zilbor ondoan bana. Ez da, ordea, zerk eragin dizkion ikusten. Eskumuturrak zuhaitzari lotuta ageri da, hil aurretik, minaren eta plazeraren artean. «Aurpegian estasi ia sexuala ageri da», zehaztu zuen komisarioak. Argiztapena oso urria da, nor bere baitara biltzera gonbidatzen duen eszenografia bati erantzunez. «Ipar Euskal Herriko kapera baten tonua. Lebitatu eta bakarrik egon dadin».
«Oso mugakotzat» jo zuen margolana eta orain arte egindakoek baino apaingarri gehiago dituela nabarmendu. Aramburuk bere baitatik sortu du eta irakurketa anitzak dituela dio Matxinbarrenak. «Uste dut mezu soziala baduela, baina labaina da eta berak ere ez du definitu». Obra oso landuak egiten dituela azaldu zuen komisarioak, margotzen hasi aurretik asko pentsatuak. Margolari emozionala, ofiziozkoa eta gogoetatsua da, haren esanetan, «zalantzarik gabe, bere belaunaldiko artista onena».
Alderantzizko norabidean eman ditu pausoak Aramburuk. Normalean margotzen hasi, eta ondoren, osagarri gisa, diseinuan jarduten dira. Donostiarrak, aldiz, 2007an ekin zion margotzeari, 1990eko hamarkadatik diskoen azalen diseinuan aritu ondoren. Lehen erakusketa 2012an egin zuen Madrilen.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
