Arlo publikoan negoziazio kolektiboa suntsitzea leporatu dio ELAk Lakuari
Bere ardurapeko esparruetan «negoziazio kolektiborako eskubidea deuseztatzea» egotzi dio ELAk Iñigo Urkulluren gobernuari. Ajuria Enea aitzinean egindako protestan, 21.000 lanpostu galdu direla eta hiru langiletik bat aldi baterakoa dela agertu du sindikatuak.

Lakuako Gobernuaren «negoziatzeko borondaterik eza» gaitzetsi zuten atzo ELAko hainbat ordezkarik, Ajuria Enea aitzinean egindako elkarretaratzean. «Urkullu lehendakaria sektorearteko akordioagatik poztu omen da, elkarrizketa eta negoziazioa indartu direlakoan; baina bere ardurapeko esparruetan negoziazio kolektiborako eskubidea deuseztatu du», azpimarratu zuen Igor Eizagirre Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari orokorrak.
Hala, arlo publikoan 21.000 lanpostu galdu direla eta hiru langiletik bat aldi batekoa dela jakinarazi zuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioan prekaritatea hedatu dela eta egoera «dramatikoa» dela nabarmendu zuen. Zehaztu zuenez, 45.000 lagun inguru daude behin-behineko kontratuekin.
%60rainoko prekaritatea
Sindikatuko kideak eman zituen datuen arabera, sektorez sektore begiratuta, Osakidetzan %34,8ra iritsi da prekaritatea, Hezkuntzan %38ra, Sukalde eta Garbiketan %60ra, Administrazio Orokorrean %35era eta EITBn, azkenik, %25era.
Egoera horri buelta emateko, alor publikoan kalitatezko 35.000 lanpostu egonkor sortu eta finkatzeko eskatu zion Gobernuari. «Horretarako beharrezkoa litzateke ordezkapenak lehen egunetik egitea, enplegu publikoaren eskaintzetan egitura-postu eta baja begetatibo guztiak sartzea, eta zerbitzuen pribatizazioa eta azpikontratazioa bertan behera uztea».
Negoziazio kolektiboa berreskuratzea eta 35 orduko asteko lanaldia izan ziren egin zituen beste aldarrikapen batzuk.
Hitza bete gabe
ELAko kideak esan zuenez, Lakuak negoziazio kolektiboa suntsitu du mahai orokorrean lortutako akordioak bete gabe utzi dituelako behin eta berriz. «Beren hitza ez da sinesgarria guretzat. Urteetan ibili dira sinaturiko akordioak urratzen, eta orain ez dugu beste biderik, mobilizazioena baino».
Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari nagusiak Enpleguaren Legeari buruz ere eman zuen iritzia, Lakuak datozen hilabeteetan argitaratzeko asmoa baitu. Eizagirrek azaldu zuenez, lege-proiektu horretan herri langileen independentzia bermatu beharko litzateke, pribatizaziorako bidea moztu, negoziazio kolektiborako eskubidea zaindu eta lanpostuak kalitatezkoak eta egonkorrak izatea segurtatu. Halaber, behar diren mekanismoak eskatu zituen eguneroko lanean euskaraz aritu ahal izateko.
2017an Lakuako Gobernuaren mendeko langileentzat aurreikusitako %1eko soldata igoera gaitzetsi zuten sindikalistek eta oraindik kobratu ez duten 2012ko aparteko ordainsariaren erdia emateko eskatu zuten.
Elkarretaratzeak ordubete iraun zuen. Bertan, manifestariek negoziazio kolektiboaren aldeko eta zerbitzu publikoak pribatizatzearen aurkako leloak oihukatu zituzten.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
