Balenciagaren «abentura ekintzailearen» mendeurrena
Cristobal Balenciaga goi mailako jostun getariarrak 1917an zabaldu zuen bere lehen denda Donostian. Mendeurren horri batzen zaio Parisko etxea abiarazi zuela 80 urte joan direla ere. Bi mugarri horiek ospatzeko, Cristobal Balenciaga Museoak egitarau berezia prestatu du datozen hilabeteetarako. Nagusia, ekoizten ari diren erakusketa monografikoa.

Cristobal Balenciaga jostun getariarrak bere lehen denda ireki zuenetik ehun urte beteko dira datozen asteetan. Donostian izan zen, Bergara kaleko 2.ean. Halaber, zortzi hamarkada dira ere Parisko Balenciaga etxea sortu zuenetik. Bi urteurren biribil horiek gogoratu eta ospatzeko egitasmo ugari prestatu ditu aurtengo haren izena eta izana zabaltzen duen museoak. Jardueren berri emateko, prentsaurrekoa egin zuten atzo Aldundiaren Jauregian Cristobal Balenciaga Fundazioko presidente zein Kultur eta Turismo diputatu Denis Itxasok, Museoko zuzendari Miren Vivesek eta bildumen zuzendari Igor Uriak.
Ekimenek jostunaren obra zabaltzearekin batera, bere sormena eta ekintzailetza nabarmenduko dute. Izan ere, 22 urterekin abiarazi zuen bere lehen negozioa. Horregatik, apirilean gazte ekintzaileei eta tokiko markei erakusgune bat lagako diete museoan, «ikusgarritasuna» emateko. Era berean, Donostia Sustapena-Moda Klusterrak babestuta, teknifikazio jardunaldi bat gauzatuko dute Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan. Vivesek adierazi zuenez, jardunaldia urteroko hitzordu bilakatzea nahi dute. Horrez gain, Kutxa Fundazioarekin batera, lantegiak egingo dituzte Tabakaleran.
Beste lankidetza baten emaitza udaberrian ezagutaraziko duten on line erakusketa bat da. Londresko Arte Unibertsitateko Central Saint Martin eskolako 60 ikaslek ikusi berri dute museoko “Ikatza eta belusa” erakusketa, eta horri lotuta, lanak sortuko dituzte. Komunikazio ikasleek, aldiz, horien inguruko materialak ekoitzi, eta moda arloko nazioarteko prentsan zabalduko dute bilduma.
Erosle «arketipoa»
Jostunaren sormen ibilbideari lotuta, berriz, “Collecting elegance. Rachel Mellon's legacy” erakusketa monografikoa prestatzen ari da museoa. Aurrenekoz bilduma batek erakusketa areto guztiak hartuko ditu eta zortzi hilabetez ikusgai izango da, maiatzaren 27tik 2018ko urtarrilaren 25era.
Vivesek azaldu zuenez, Rachel Lambert Mellon, XX. mendeko Ipar Amerikako burgesiako dama handietako bat izan zen. «Filantropoa, arte-bildumagilea, kennedytarren laguna, lorategi diseinatzailea eta Paul Mellon mezenas handiaren emaztea zen. Balenciagaren bezero aberats, sentibera eta esklusiboen arketipoa da».
Getariako erakundeari aurrez emandako funtsari 400dik gora jantzi eta osagarri gehitu zizkion Mellonek 2014an hil zenean. Dohaintza guztietatik 90 jantzi-pieza eta beste hainbeste elementu osagarri –zirriborroak, osagarriak, argazkiak eta bestelako dokumentazioa– batuko dituzte, %70 inguru lehenengoz erakutsiz. Aukeraketaren ardura Balenciagarekin eta Mellonekin harremana zuen Hubert de Givenchy diseinatzaileak du. Museoaren edukiei Mellonek sortutako Oak Springs Garden Library fundazioaren artxiboak, Londresko Victoria & Albert museoak eta Parisko Balenciaga Artxiboak egindako ekarpenak batuko zaizkie.
Donostiatik Parisera
Jostunaren «abentura ekintzailea» abiarazi zuen dendaren mendeurrenean, lehen urteen gaineko ikerketa egiten ari da museoa, artxibategi eta erregistroak arakatuz. Uriak azaldu zuenez, data zehatza ez badakite ere, 1917ko otsail amaieran edo martxo hasieran ateak zabaldu zituela ondorioztatu dute, langileak kontratatzeko iragarkiei esker. 1918an inskripzioa aldatu zuten Lizaso ahizpak bazkidetzan sartzeko. Sei urte geroago Balenciaga y Cía elkartea desegin zenean, Askatasuna hiribideko 2.era lekualdatu zen Cristobal Balenciaga izenarekin. Ia bi hamarkada geroago, 1937an, Parisera eraman zuen eta goi mailako joskintza etxe ospetsuenetako bilakatu zen.
1927an bigarren marka bat sortu zuen baliabide partekatuak optimizatu eta tokiko burgesiako bezeroen oinarria zabaltzearren: EISA Costura. Madrilen eta Bartzelonan ere egoitza bana izan zuen, 1969an 1969an sozietate guztiak ixtea erabaki zuen arte. 2.000 bat langile zituen orduan.