GARA
GASTEIZ

GED-ek elkarretaratzeak egingo ditu Kataluniari elkartasuna adierazteko

«Demokrazia» aldarrikatuko du Gure Esku Dagok igandean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Izan ere, hurrengo egunean, otsailaren 6an, 2014ko azaroan Katalunian galdeketa egiteagatik herrialde horretako hainbat ordezkari epaituko dituzte, presidentea, besteren artean, eta eurei eta katalanei elkartasuna adierazi nahi die herri ekimenak.

Otsailaren 6an, Kataluniaren etorkizunari buruz 2014ko azaroan egindako galdeketa dela-eta, bertako Gobernuko hainbat kide epaituko dituzte, Artur Mas presidentea eta Joana Ortega presidenteordea, horien artean. Horren harira, Gure Esku Dagok mobilizazioak deitu ditu otsailaren 5erako, 12.00etan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. “Demokrazia” izango da mobilizazioen leloa; izan ere, atzo aipatu zutenez, «hori baita gure dinamikaren oinarria, herritarron eskubideen bermea, edozein herriren zutabea».

Auzi honetan, Generalitateko kideak bakarrik ez, «galdeketa hura egiteko herri borondatea eta galdeketa hartan era batera edo bestera parte hartu zuten bi milioitik gora herritarrak ere» epaituko dituztela salatu zuten.

Gasteizen egindako agerraldian GEDko kideek gogora ekarri zuten datozen hilabeteotan Euskal Herrian 110etik gora galdeketa egingo direla, hots, «etorkizuna erabakitzeko ariketa demokratikoa» egingo dutela, eta iragarri zuten «galdeketen bidea irmoki defendatzen eta jorratzen jarraituko» dutela. Ohartarazi zuten «Kataluniari etorkizuna erabakitzeko jartzen ari diren trabak euskaldunon kontra ere» erabil ditzaketela, eta argi utzi zuten ez dutela onartuko «herritarrei hautetsontziak jartzeagatik inor auzipetu eta epaitzea. Ez Euskal Herrian, ez Katalunian, ez inon».

Igandera begira, mobilizazioetan parte hartuko duten herritarrei gutunazal bat ekar dezatela eskatzen diete; herritarron botoa, erabakia eta hitza sinbolizatuko duena. «Indarrak batuz, Kataluniari elkartasun demokratikoa adieraztera goaz eta gure eskubideen oinarria hauspotzera», azaldu zuten.