Patxi GAZTELUMENDI
ZARAUTZ
Entrevue
GORKA ARRESE
SUSA ARGITALETXEKO EDITOREA

«Hutsik egin gabe astero zerbitzu publikoa eskaintzea plazer bat da»

Hamabost urte bete berri ditu Susa argitaletxeak astero bidaltzen duen Literatur Emailuak «newsletter»-ak. Literatur albisteekin, efemerideekin eta agendarekin osatutako posta elektroniko bidezko agerkariak duela 10 urte blog itxura ere hartu zuen. Urteotan egindako lanari buruz aritu gara Gorka Arrese Susako editorearekin. Oraintsu 781. zenbakia zabaldu dute literaturazaleen artean, eta «Armiarma.eus» ataria edukiz hornitzen jarraitzeko kapital publikoaren beharra adierazi digu berak.

Zein izan zen “Armiarma.eus” eta Literatur Emailuak sortzeko arrazoia?

Gure literaturaren atari zabalena da “Armiarma”, helburu nagusi hauek dituena... bat: euskal literaturaren neurria erakustea (bere historia eta bibliografia); bi: liburutegi publikoa eskaintzea sarean (liburuak, aldizkariak, testuak on line edonoren eskura); hiru: informazioa eta transmisioa (agentzia lan doakoa kazetarientzat, irakasleentzat, libreroentzat, literatur klubentzat, idazle eta itzultzaileentzat, zaleentzat oro har). Eta orduan, Literatur Emailuen egitekoa da literaturari buruzko komunikazio lana, astero: albiste baten bitartez testuak argitaratzea sarean, baina beste alde batetik agenda ahalik eta osatuena ematea, denok jakin dezagun zeinen dinamikoa den literatura gure artean: liburu aurkezpenak, errezitaldiak, solasaldiak, hitzaldiak, mahai-inguruak.

Literatur ekitaldien agenda suspertu egin dela uste al duzu?

521 ekitaldi iragarri ditugu 2016an agendaren bitartez. Eta kontuan hartuz gero ez garela oraindik iristen den-denak iragartzera, hala ere 521 iragarri ditugu. Harrituta nago neu ere! Literatura-zaletasunaren neurri bat eta mapa bat gorpuzten eta erakusten dihardugu..

Literatur Emailuen hamabost urte hauetatik zer daukazu bereziki gogoan?

Lan egiteko formularen bizitasuna eta jarraikitasuna, horiek dira gehien baloratzen ditudanak. Hutsik egin gabe astero zerbitzu publikoa eskaintzea plazer bat da, konpromisoaz gainera. Eta bestetik, idazleen eta itzultzaileen kolaborazioa, hori daukat gogoan: eskuzabaltasuna beren testuak sarean doan eta libre ipintzen uzteko, edo munduko idazleren baten heriotza egunean itzulpenak berehala egiteko eta argitaratzeko.

Armiarmak badu liburutegi nazional publikoaren traza edo bokazioa.

Literatur liburutegi publikoa on line, horren bokazioa bai; baina liburutegi nazionala... kontuz, hori helburu erraldoia da gero! Armiarmak euskal literatura klasikoa sarean emana du; Etxepare, Lazarraga, Leizarraga, Axular eta haietatik hasi eta Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Anabitarte, Salbatore Mitxelenaraino. Baina XX. mendeko literatur aldizkari nagusiak ere jaso ditugu: “Euzko-Gogoa”, “Egan”, “Igela”, “Ustela”, “Pott” eta abar. Susa argitaletxearen liburuak on line daude urterik urte, baina baita Ustela edo Baroja bildumak ere, edo Antzerti bilduma. Literatura Unibertsaleko ale asko dituzu “Armiarma”-n, eta, nire ustez, gehiago ekarri behar lirateke pixkanaka. Egiteko asko daukagu.

Horretarako kapital publiko ona izango duzue.

Bai, hori da dugun aberastasun bakarra. Josu Landak eta Mikel Elorzak lan titanikoak egin dituzte “Armiarma”-n. Koldo Izagirrek urte osoan eskaintzen dio bere denboraren zati polit bat “Armiarma”-ri. Eta kolaboratzaile bikainak dauzkagu, adibidez aurten hauek izan ditugu: Iñigo Aranbarri, Ibon Sarasola, Jose Luis Otamendi, Iñigo Astiz, Paddy Rekalde, Gotzon Barandiaran, Urtzi Urrutikoetxea, Leire Azkargorta, Xabier Boveda, Karlos Cid, Josu Zabaleta... ahaztuko zitzaidan norbait, seguru. Baina, batez ere, ez ditut ahaztu behar beste idazle asko, beren liburuak sarean osorik ipintzeko baimena eman digutenak.

Ez didazu ulertu. Diru publikoa beharrezkoa dela esan nahi nizun.

Tira, hori da lortu behar genukeena orain, bestelako kapital publiko hori; alegia, erakunde publikoen babesa eta laguntza ekonomikoa. Izan ere, gure kultur altxor bat biltzen eta jendartera zabaltzen ari gara, denontzat eta doan, gozatzeko erraza izan dadin edozein tokitan zaudela. Uste dut asmatu behar dugula administrazio ezberdinei adierazten, zerbitzu publiko dinamiko honek egiturazko eta ganorazko babesaren premia daukala, berandu gabe. Lotsa apur bat ematen digu adiskideei esan behar izatea oraindik lan gehiago egiten lagundu behar digutela borondate onez.