GARA
SESTAO

Arcelor Mittalek urtean 10 milioi euro inbertituko ditu Sestaoko I+G zentroan

Sestaoko ACBra lekualdatu du Arcelor Mittalek 1998tik Zamudion egon den I+G zentroa. Instalazioa plantan bertan kokatuz, beharrei azkar erantzutea da ideia. Lakuak aurrerapausotzat hartu du aldaketa, eta laguntzen deialdia zabalik dela abisatu dio konpainiari.

Zamudioko teknologia parketik Sestaoko ACBra eraman du Arcelor Mittalek I+G zentroa. Bertan urtero 10 milioi euro inbertitzea aurreikusten du. Atzo irekiera ekitaldian izan zen Jose Manuel Arias konpainiako ordezkariak agertu zuen zentroa plantan bertan kokatuz sortzen diren beharrei azkar erantzutea espero dutela. Azkartasun horrek onurak ekartzea nahi dutela erantsi zuen, bai produktuetan eta bai prozesuetan.

Jakinarazi zuenez, 15 lagunek egiten dute lan I+G zentroan. EAEko Arcelor Mittalen planta guztiei zerbitzua ematen segituko dute, nahiz eta lanaren %75 ACBra zuzenduko duten, momentu honetan behar gehien dituena delako. Munduan barna zabalduta dituen dozena bat zentroekin ere konektatua egonen da.

Ariasek nabarmendu zuen azken hiruhilekoan ACB plantak «dirurik ez galtzeko» xedea bete duela, oraindik irabazirik lortu ez badu ere. Joan den irailean langileen erdiarekin eta aktibitate hagitz mugatu batekin berriro martxan jarri eta pixkanaka-pixkanaka produkzioa gora doala azaldu zuen. Hilabetean 12.000 tonarekin hasi zen eta otsailean 30.000 gainditzea espero dute. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua atzoko ekitaldian izan zen eta irailaz geroztik «aktibitatea, lehiakortasuna eta enplegua indartzeko enpresa ematen ari den aurrerapausoen artean» kokatu zuen zentroaren lekualdatzea.

Altzairuaren arloan urte hagitz konplikatu eta gogorra izan dela oroitu eta laguntza eskaini zion sektoreari. Hala, Arcelor Mittali abisatu zion, «beste enpresei bezala», I+G eta energia efizientziari dagozkion laguntzen aurtengo deialdia atzo ireki zela. Bruselan eta Madrilen ere sektorearen aldeko neurriak bilatuko dituela erran zuen.