GARA
BAZTAN

Euskal nobela beltza sustatzeko sortu da (H)ilbeltza beka

Baztanen egiten den euskal nobela beltzaren astea indarra hartzen ari da eta, horren adierazle, Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz, sortu berri duen (H)ilbeltza beka. Atzoko aurkezpenean elkarteko kide Elurre Iriartek azaldu zuen urteotako lanaren ostean «beste pauso bat» emateko unea zela: «Gure zaletasuna sormenera eta itzulpenera zabaltzeko aukera aprobetxagarria iruditu zaigu. Euskal sortzaileak gure artean izateko, eta hor barna dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan leitu ahal izateko».

Argitaletxearen izenean, Mikel Sotok argitu zuen bekak urte batean sorkuntza eta bestean itzulpengintza sarituko dituela. Lehen edizio honetarako lanak aurkezteko epea ekainaren 23ra artekoa da eta lagin irabazleak 6.000 euro jasoko ditu –argibide gehiago, Baztango Udalean eta honen webgunean–. Lan saritua irailaren 15aren aurretik jakinaraziko dute.

Azkenik, Baztango alkate Joseba Otondo bekak «posible egingo dituen ekarpenez» aritu zen: «Euskararen normalizazioan gure mintzoa prestigiatu eta goratzeko ekimena izatea. Euskararen komunitateari ekarpen berria egin, literaturan pisu handikoa den genero beltza, euskaraz ere dastatu eta gozatzeko. Eta, modu berean, gure literatura sisteman, idazleen eta itzultzaileen lana sustatzeko».