Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Jasotakoa baino ekarpen handiagoa egiten du euskal zinemagintzak

Euskal zinemagintzaren egoeraren argazkia jasotzen duen txostena aurkeztu du Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak. Ikertalde aholkularitza taldeak gauzatutako azterketak ikertu du euskal ekoizpenak 2010-2015 epealdian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izandako eragin sozioekonomikoa. Ondorioztatu duenez, urtean 60 milioi euro inguru sortzen ditu, eta zergen bidez, 600.000 euro inguruko itzulera positiboa egiten.

Datu eta uste okerrak gainditzeko, euskal zinemagintzaren argazkia osatzea erabaki zuen Ibaia-k, Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak. Ikertalde aholkulari taldeak gauzatu du eta 100 orrialdetik gora dituen txostena euskal ekoizpen zinematografikoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak duen eragin soziekonomikoaren erakusleihoa da. Bertatik ateratzen den ondorio esanguratsuenetako bat da euskal zinemagintzak administrazioari diru gehiago itzultzen diola laguntzen bidez jasotzen duena baino. 2014ko datuek, kasu, argi erakusten dute: 3,9 milioi euro jaso zituzten enpresek ICAAtik –Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Institutua– eta Eusko Jaurlaritzatik; eta 4,5 milioi euro itzuli. Hau da, 600.815 euroko ekarpena egin zuten.

Azterketaren edukian bildutako beste mugarri batzuen berri eman eta horien balorazioa egin zuten atzo Ibaiako lehendakari Jose Portelak, Ibaiako kudeatzaile Ignacio Rotaetxek eta Ikertaldeko proiektu zuzendari Iñigo Artetxek.

Ikerketak 2010-2015 urte tartea hartu du erreferentzia gisa, eta aurrera eraman ahal izateko, elkarteko kide diren ekoizleekin jardun dira. Informazioa biltzeko galdetegiak eta 10 sakoneko elkarrizketa egin dituzte, baita 74 euskal ekoiztetxeren adierazle ekonomikoak nahiz ICAAko buletinak aztertu ere. Xedea, balio kate osoaren informazioa biltzea baitzen, fokua jarriz «enpresa ehunean, ekoizpenean eta eragin ekonomikoan», Artetxeren esanetan.

Epealdi horretan gutxienez zinematografia-ekoizpen bat sortu duten enpresak kontuan hartu dituzte soilik; orotara, 93 ekoiztetxe. Horiek 2014an –arduradunek adibide moduan hartutako urtea– 36,2 milioi euro ekoitzi zituzten, 18,9 zinemak eta 17,2 ikus-entzunezko bestelako jarduerek. Horrek guztiak 15,9 milioi euroko eta lanaldi osoko 508 lanpostuko eragin zuzena –soldaten ordainketa eta enpresa etekinak– izan zuen. Kopuru horri beste 18,8 milioi euro batu behar zaizkio tarteko kontsumoetan; nagusiki, %70, euskal enpresetan gelditzen dena. Izan ere, ia ehun enpresa horien inguruan ekosistema zabal bat baitago, 60 ikus-entzunezko ekoiztetxek eta ekoizpenerako zerbitzu berezituak eskaintzen dituzten 45 enpresak osatzen dutena.

Beraz, orotara, eragin globala 61,9 milioi eurokoa da, 27,2 milioiko balio erantsiarekin; eta 765 lanpostu. «Euskal enpresen ekoizpen zinematografikoaren jarduerak enpresa sare sendoa du eta, egun, kalitatean eta kantitatean bilakaera izaten ari da. Sektorearen erdigunea osatzen duten 100 enpresa baino gehiago jarduera ekonomikoaren sortzaile dira. Aldi berean ekoizpen zinematografikoaren laguntzaile den sektorea tinko mantentzea ahalbidetzen du», balioetsi zuen Portelak.

Pisuzko industria

Industriaren pisua era objektiboan neurtzeko, 2014an film luzeren bat ekoitzi zuten enpresa kopurua hartu dute. 22 izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Estatuko beste lurraldeekin alderatuta, 4. postuan kokatzen da euskal ekoizpena, Estatuko ekoizpen osoaren %8arekin. Bere garrantzia nabarmentzeko ikertzaileak ehuneko hori euskal biztanleriaren eta euskal enpresagintzaren pisuarekin alderatu zuen, %4,7 eta %4,8, hurrenez hurren. Urte hori «bereziki ona» izan bazen ere, euskal zinemagintzaren ekoizpena batez beste ehuneko horretan mantentzen dela zehaztu zuen.

Jardueraren etekina, gainera, hemen gelditzen da neurri handi batean. Artetxek argitu zuenez, «epealdian egindako film luzeen kostuen %58 euskal enpresa nahiz profesionalekin gauzatu da. Euskarazko animaziozko eta fikziozko filmen kasuan, aldiz, ehuneko hori %85ekoa da». Sektore «dinamikoa, balio sortzailea, eta produktibitate erlatiboki altua duena» dela gehitu zuen Rotaetxek.

Bosturtekoan 66 film luze estreinatu zituzten; batez beste 11 ekoizpen urteko, 9 fikziozkoak eta 2 animaziozkoak. Horietatik, 2,5 eta 1,8, euskaraz ekoitziak, hurrenez hurren. Kalitateari dagokionez, hobera egin duela uste dute Ibaiako ordezkariek, beste eragile batzuek helarazten dizkieten iritzietan eta bestelako aldagai batzuetan oinarrituta. «Jende gehiagori iristen zaizkio, harrera hobea dute eta atzerrira gehiago bidaiatzen ari dira». Baita Goya sarietan euskal zinemagintzak lortutako zazpi izendapenak ere, orain arteko errekorra. «Sektoreak etorkizuna du, Goya Sarien atarian gaude eta esaterako ‘Teresa eta Galtzagorri’ filmak izendapena jaso du, baita hainbat euskal aktorek eta konpositorek ere; ‘Loreak’ filmarekin Oscar sarietara iritsi gara; nazioarteko aretoetan estreinatzen diren filmak ekoizten ditugu... Horregatik guztiagatik, sektorean sinetsi eta konfiantza izatea eskatzen dugu», adierazi zuen Portelak.

Pizgarri fiskalak

Ildo horretatik, euskal zinemagintza «loraldian» bada ere, erakunde publikoetatik jasotzen duen laguntzak eztabaida sortzen du. Ibaiako buruak laguntza zuzenak murrizten joan direla gogoratu zuen, «%50», eta hainbat finantzabide erabat desagertu direla: «Hizkuntza gutxituetako ekoizpenei bideratutakoak desagertu egin dira. Partida hori badago, baina bere aurrekontua zero da».

Aitzitik, txalotu egin zuen foru ogasunen eta Nafarroako ogasunaren jarrera, %30eko eta %35eko pizgarri fiskalak ematen baitituzte. Zinemagintzari laguntzeko bide egokiena hori dela uste badute, horretan «sa kontzeko» eskatu zien eta beharrezkoak diren aldaketak egiteko, araudian «inbertitzaileei segurtasun juridikoa eskaini ahal izateko».