Jakintza jostailu bihurtua

Ez da literatura, ez hitzaren zentzu hertsian behinik behin. Ez eta kazetaritza oinarri duten aldizkari tematikoak ere. Bi formatuon arteko hibrido interesgarria dakarkigu Txalaparta argitaletxearen eta Irati Jimenezen artean osatu duten “esperimentu” berezi honek. Kazetaritzatik gertu dauden eta literaturatik (zentzu onenean) ere edan duten liburuki tematikoak dira “Odola”, “Gatza” eta “Musua”. Tematikoak, diogu, Jimenezek 2011n egoera ekonomikoaren –eta Nafarroako Gobernuak diru laguntzak ukatu izanaren– eraginez ateak itxi zituen “Nabarra” aldizkarian abiatu zuten proposamen bati heldu diolako liburukion testuak osatzeko: hartu gaitzat elementu zehatz bat –odola, gatza eta musua kasu–, begiratu historian zehar izan duen garrantziari, eman zaion erabilerari, haren inguruan bildu diren kondairei, zientzian izan duen eraginari, gizarteari ekarri dizkion onurei (eta kalteei)... eta pasatu informazio hori zure galbahetik, irakurleari entretenigarri egingo zaizkion testuak osatzeko.
Hala, esaterako, Jimenez naturaltasun beraz mintzo zaigu porfiriaz, Bloody Maryren mitoaz edo hilekoaz “Odola” izeneko liburukian, berezko duen ironia finari ere tartea emanez. Eta irakurleak zer pentsatu izango du “Gatza” liburukian historian zehar mineral honek izan duen garrantziaz jabetzen denean.
Ziurrenik, jakintza modu entretenigarrian ematea da liburukiok duten bertuterik nabarmenena, baina diseinua ere ez da atzean geratzen. Aipamen berezia merezi du “Nabarra” aldizkariko arte zuzendari izan zen eta Txalapartaren argitalpen gehienen azalak egiten dituen Esteban Montoriok, berea baita irakurle-behatzaileak esku artean duen artefaktuaren diseinua: sukalde onenetatik ateratzen diren platerek bezala, irakurleak begiekin ere jaten duela ondo daki Montoriok eta hortik Jimenezen testuak ilustratzeko baliatu dituen ilustrazio, teknika eta baliabideak. Testuei lagundu ez ezik, haien osagarri bilakatzen da diseinua.
Laburbilduz, inguratzen gaituenarekiko jakin-mina duen ororentzat bilduma aproposa. Orain, bildumaren hazia irakurleengan ernatzen den ikusi behar.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
