Murrizketa politiken aurrean, eskubide sozialen aldeko protesta egin dute
Bilboko Lanbideren bulego zentrala eta Lakuako Gobernuaren ordezkaritza lotu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituriko mobilizazioak. Laguntza sozialak beharrezkoak direla uste dute.

ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek, Adolfo Txiki Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, «kohesio sozialaren alde borrokatzera» deitu zuten atzo Lakuako gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren eta Lanbideren artean egindako giza katean.
Protesta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu zuen Lakuak ezartzen dituen «murrizketa sozialei» aurre egiteko asmoz. Muñozek nabarmendu zuen diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) existitzen bada, 1999. urtean egin ziren protestei esker dela. Horregatik azpimarratu zuen ez zela izan Administrazioak eskainitako zerbait, baizik eta borrokaren fruitua.
«Urteak pasatu dira eta gure borondatea kohesio sozialaren alde borrokatzen jarraitzea da. Kohesio soziala defendatu egin behar da eta hori egiten da prestazioak defendatuz, ditugun soldata mailarekin harreman zuzena dutelako», azaldu zuen.
Honen arabera, Lakuak «prestazioak jaitsi nahi ditu jendea kontratu miserableak onartzera behartzeko». «Jendeak ez badu langabezia jasotzen, ez badu duintasunez bizitzeko prestazio sozial duin bat jasotzen, enpresek eskaintzen dituzten kontratu miserableak onartzera behartuta sentituko da», adierazi zuen. Hori dela-eta, garrantzitsua iruditzen zaio jendea mobilizatzea.
«Bizirauteko eskubidea»
Ainhoa Etxaidek, ildo beretik, esan zuen atzoko mobilizazioaren helburua «bidezko babes sozialeko sistema bat» eta prestazio sozialen hobekuntza eskatzea zela. Zehazki, honakoak planteatu zituen: «Gema Zabaletaren garaian prestazioei lapurtu zitzaien» %8a itzultzea eta DSBEk lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) pareko hazkundea izatea.
Etxaideren esanetan, prestazio hauek «beharrezkoak» dira, hau da, ez da «aukera edo pribilegio bat», baizik eta «biziraun ahal izateko eskubide bat». Hala, azpimarratu zuen hauteskunde kanpainak amaitzen direnean erakutsi behar dela «zein den Gobernuaren ekimenen helburua». Hein horretan esan zuen EAJk, PSErekin batera, erakutsi duela «beraiek gauza guztien gainetik babestuko dutena merkatua dela eta ez pertsonak».
LABeko ordezkariaren iritziz, horrela bakarrik ulertu daiteke gobernuaren jarrera. «Prekaritatean eta soldata lotsagarrietan oinarritzen den lan merkatu hau posiblea izan dadin jendea inolako babesik eta laguntzarik gabe kalean egotea behar da, lan baldintza hauek onartu ditzan», salatu zuen.
Era berean, azpimarratu zuen hazkunde ekonomikoa ez dela nabaritzen «ez soldatetan eta ez gizarte ongizatean». Gero eta pertsona gehiago pobrezia arriskuan egoteaz gain, «dutenen eta ez dutenen arteko desberdintasuna gero eta handiagoa da». Horren erruduna egiten ari diren politika dela ziurtatu zuen, eta ez krisia.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
