GARA
GErnika

Independentistak eta Gernika Batzordea, batera Aberri Egunean

Independentistak Sareak 2010etik antolatu izan du Aberri Eguna euskal herritar guztiak batzeko helburuarekin. Aldiz, alderdi bakoitzak bere ekitaldia egin ohi izan du. Aurten Gernika Batzordea batuko zaie eta euren asmoan aurrerapauso handia dela uste dute.

Apirilaren 16an ospatuko da Aberri Eguna eta 2010etik urtero gertatu bezala, aurten ere Independentistak Sareak bere ekimena prestatuko du. Bere nahia sentsibilitate guztiak elkartzea bada ere, orain arte ez du lortu alderdi guztiek ekimenarekin bat egitea. Aurten, ordea, ez dira bakarrik egongo, Gernika Batzordea batuko baitzaie.

«Zazpi urtez jarraian antolatu dugu Aberri Eguna. Aurreko mendearen amaieran ohikoena izan zen Aberri Eguna alderdi politiko bakoitzak bere aldetik ospatzea. Azken zazpi urte hauetan, euskal herritarrok elkarturik ospatzea izan da Independentistak Sarearen erronka», aipatu zuten atzo goizean Gernikan egindako agerraldian.

Izan ere, Independentistak Sarearentzat «Aberri Eguna Euskal Herriaren eguna da, Euskal Herriak munduaren aurrean bere naziotasuna agertu eta bere tokia izan behar duela aldarrikatzeko eguna. Inolako kanpo inposizio eta injerentziarik gabe, geure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eta berdintasunean oinarrituz eraiki nahi dugula, eta horretarako burujabetza osoa behar dugula adierazi nahi diogu mundu osoari Aberri Egunean».

Baina aldarrikapen horiek guztiek indarra galtzen dutela uste dute bakoitzak bere ospakizuna antolatzen baldin badu. Independentistentzat, «alderdi politiko bakoitzak urte osoa dauka bere diskurtso eta proiektu politiko zehatzak kaleratzeko», eta Aberri Egunean horiek alde batera utzi beharko lituzkete indarrak batzeko.

Horregatik egiten dute apustu Aberri Egun zabal eta parte hartzaile baten alde. Independentisten ustez, azken urteetan «sentsibilitate zehatzen gainetik familia politiko desberdinetako kideek aniztasunean elkarturik eroso parte hartzeko» egunak antolatu izan dituzte. Hala, aurten Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena betetzen denez apirilaren 26an, bi datak elkarlotuko dituzte Gernika Batzordearekin batera Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatuz.

80 urte suntsiketatik

Aurrerantzean herri eragile gehiagorekin elkarlanean aritzeko intentzioa agertu zuen Independentistak Sareak. Gernika Batzordeak, bere aldetik, deialdi bikoitza luzatu zuen. Alde batetik, apirilaren 16an Aberri Egunean parte hartzeko eskatu zuen, eta, bestetik, apirilaren 26an Gernikara hurbiltzeko.

«80 urte beteko dira Gernikako bonbardaketa burutu zutenetik. Geroztik, Gernika da, nazioartean eta mundu mailan Euskal Herria ezagun bihurtu duen sinbolo nagusia. Gernika da, egun, euskal lurralde guztietako euskal herritarrok maila bertsuan gureganatzen dugun sinbolo partekatu bakanetarikoa. Egun, Gernikaren esanahi sinbolikoa oso egokia da bizi dugun une historikoa azaltzeko eta Euskal Herri osoari begien aurrean ispilua jartzeko. Euskal Herriaren historiari aspaldiko garaietatik lotua, askatasunaren eta nortasunaren marka, txikizioaren eta suntsipenaren sinboloa, berau gainditu eta Euskal Herria berpizkundearen bidean kokatzen duena», aipatu zuten.

Gernika Batzordearen lana 1975tik geroztik gaur egun arte ikerketa historikoa bultzatzea eta memoria kolektiboa berreskuratzea izan da. Horretarako, bertako zein nazioarteko historialari eta ikertzaile adituekin elkarlanean aritu dira.

Horren inguruan gogoeta egiten dute eta oso kontziente dira Gernika ez zela eta ez dela suntsitutako herri bakarra, baina sinbolo bezala hartzen dute. «Egun, badira munduan zehar hamarnaka herri egoera berean, badira interes politiko eta ekonomiko maltzurrek heriotzara kondenatutako milaka eta milaka pertsona. Orduko Gernikak errefuxiatuak eragin zituen, gaurko Gernikak ateak eta bihotzak irekitzen dizkie egungo errefuxiatuei. Gernikako txoriak bere hegalak zabaltzen ditu horiek guztiak babestu nahian», nabarmendu zuten.