GARA
ZALDIBIA

Aralarko Oiduegi txabola nahita erre dutela uste dute elkarteek

Elkarteen arabera, Aralarren eraiki nahi dituzten pisten proiektuarekin du zerikusia larunbat goizeko erasoak. Izan ere, pista horien kontra agertu den mendizale elkarte batek kudeatzen du Oiduegi txabola. Arazoa konpon dezala eskatzen diote Gipuzkoako Aldundiari, Aralar Parke Naturala den unetik erantzukizuna berea dela ulertzen baitute.

Enirio-Aralar mankomunitateko lurretan dagoen Oiduegi txabola erreta agertu zen larunbat goizean, eta, oraindik perituaren txostenaren zain badaude ere, inguruko elkarte eta ingurumen eragileek ziurtatzen dute nahita errea izan zela.

Aralar Bizirik plataformak eta Landarlan elkarteak bertan eraiki nahi duten pistaren kontrako manifestua argitaratu zuten eta horrekin bat egin zuen Zaldibiako Gailurrerantz mendi klubak, txabola kudeatzen duen taldeak, hain zuzen. «Suhiltzaileek diotenaren arabera, sua sortu den puntuan sua eragiteko iturririk ez dagoela egiaztatu ondoren, nahita eragindakoa izan dela ondorioztatu da», adierazi zuten. Izan ere, ohatzeak zituen gela batean hasi zen sua eta bertatik txabola osora zabaldu zen, teilatuko egitura guztiz erori zen arte. Txabola Zaldibiako mendizaleek zein Aranzadi zientzia elkarteko kideek erabili ohi zuten. Zorionez, erre zen unean ez zegoen inor barruan.

Tentsio gero eta ageriago

«Gu beti azaldu gara indarkeriaren eta gorrotoaren aurka, eta honelako gertaerek dagoen tentsioa indartzea besterik ez dute lortzen», adierazi zuten elkarteek ohar baten bidez.

Erantzukizuna Gipuzkoako Aldundiarena dela uste dute, eta, horregatik, arazoarekin amaitzeko bideak jartzeko eskatu zuten, alegia, pisten eraikuntza geldi dezala eta Aralarko Parke Naturala kudeatzeko plan berria sor dezala. «Askotan esan dugu pisten proiektua Aralarko Parke Naturaleko ordenantza planaren hainbat artikuluren kontrakoa dela», nabarmendu zuten aipatu eragileek.

EH Bilduk ere zaldibiarrei zein «Aralar bizi eta maite» duten lagunei elkartasuna helarazi nahi izan zien, eta Gipuzkoako Aldundiari «tensio handiko dinamika honetatik» atera eta «adostasunak bilatzeko prozesu bat» sustatzeko eskatu zion. «Aralar denona delako denon artean babestu behar dugu», azpimarratu zuen koalizioak.

EHNE eta ENBA nekazaritza sindikatuek, bere aldetik, esan dute etxola berreraikitzen lagunduko dutela. «Honelako jokaerek liskarra sortzeko helburua dute eta guk ez dugu hori babesten. Gertatutakoa argitzea nahi dugu, erantzuleak aurkitu eta zigortzea. Lehendik ere bizi izan ditugu antzeko egoerak: erretako artzain txabolak eta jeztokiak, apurtutako harrapalekuak… zoritxarrez argitu gabe geratu zirenak», salatu zuten sindikatuek.