GARA
iruñea

Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua desegiteko eskatu dute ELAk eta LABek

Nafar Gobernuak patronalarekin eta UGT eta CCOOekin Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua mantentzea gaitzetsi dute. Laparra kontseilariaren hitzetan, sindikatuok ere onartzen dute organo bat behar dela.

ELAk eta LABek Nafarroako Gobernuak CEN patronalarekin eta UGT eta CCOOrekin Elkarrizketa Sozialeko Akordioa sinatu izana gaitzetsi zuten atzo, uste dutelako erabaki hori aldaketaren kontrako norabidean doala. «Praktikan UPNren gobernuek PSNren laguntzaz sortu zuten elkarrizketa sozialeko ereduari jarraipena ematen zaio». Horregatik, eredu hori baztertzeko eta akordioa bertan behera uzteko eskatu zioten Gobernuari.

Halaber, sindikatuek adostasuna lortzeko borondatea agertu zuten. «Prest gaude, behin Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua desegiten denean, lan eta gizarte eremuan, eduki zehatzei buruzko akordioak negoziatzeko, lan harremanetarako marko propioa eratzeko bidean», erran zuten ELAk eta LABek.

Sinatutako azken agirian, ordea, «UPNren kontzertazio sozialeko ereduari segida» ematen zaiola uste dute. «Kontzertazio hori ez da inola ere baliagarria izan desberdintasunei aurre egiteko, aberastasuna banatzeko, enplegua gehitu eta hobetzeko, edota Nafarroako negoziazio kolektiboa defendatzeko. Aitzitik, nafar langileen lan eta bizi baldintzak okerragoak dira egun 1995ean elkarrizketa sozialaren ‘holding’-a eratu zenean baino».

Kezka bizia eragiten die sindikatuoi Gobernuak CEN, UGT eta CCOOri 2016-2019ko Enplegu Planari dagozkion ehunka milioi euroren gaineko erabakiak hartzeko aukera emateak. «Horrela, exekutiboari berari eta Parlamentuari eginkizun bakarra geratzen zaie: horiek erabakitzen dutena onestea».

Denen artean, edozein forotan

Kritika eta eskari horiei erantzunez, Miguel Laparra Gizarte Politikako kontseilariak adierazi zuen, «inplizituki» bada ere, ELAk eta LABek Gobernuaren eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko harremanak bideratzeko organoren bat izatea beharrezkoa dela onartu dutela.

Exekutiboaren xedea, foro batean ala bestean izan, denen arteko elkarrizketa sustatzea dela berretsi zuen, inor baztertu gabe. Eta gaurko testuingurura («aurkitu genuen egoeratik erabat ezberdina») iristeko egindako aldaketak goraipatu zituen.