Euskal kultura Bilbon ikusgarri jartzera dator aurtengo Loraldia
Aurten hilabetez izango dute Loraldia jaialdia Bilbon. Martxoaren 7an hasi eta apirilaren 8ra arte denetarik gozatzeko parada izango du Bizkaiko hiriburuko hamaika agertokietara hurbiltzen denak. Musika, literatura, antzerkia, zinema, dantza, hip hopa edota bertsolaritza aukeran. Euskal kulturaren bertsio modernoena ikusgarri egiteko helburuarekin, udaberrian ere egitarau aberatsa aurkeztea izan da antolatzaileen asmoa.

Aurkezpena bera ikuskizun bihurtu zuten Loraldia jaialdiko antolatzaileek. Goizalde Landabaso idazle eta kazetariaren hitzekin abiatu, eta atalez atal aurtengo jaialdian parte hartuko duten kulturgileek hartu zuten hitza Bilboko Alondegian. 150 sortzaile izango dira hirugarren edizio honetan; hilabetean zehar gauzatuko dira 30 ekitaldi, eta kultur esparru ezberdinetako lagunak, espazio ezberdin eta anitzetan, arituko dira, aurten ere emozioak hedatzeko asmoz.
Landabasok berak Ramon Saizarbitoria idazleak botatakoak izan zituen gogoan «euskara Bilbon salbatuko» dela gogora ekartzean; izan ere, «egunero ez da izaten Bilbon horrelako 150 sortzaile ikusi eta gozatzeko parada». Baikor agertu zen kazetaria egitarauaren aurkezpenean.
Euskal kulturaren loreak
Aspaldian gauza berri asko sortzen da, eta horiek guztiak Bilbon erakustea du helburu Loraldiak. Horrela azaldu zuen Imanol Agirrek, Loraldia elkarteko kide eta zuzendari artistikoak: «Udaberrian, euskal kultura modernoari ikusgarritasuna eman nahi dion itsasargia da Loraldia» esanez abiatu zuen bere solasa eta Bilbo osoko 11 aretotan gauzatuko den egitarauaren kartografia aipatu zuen. «Udaberriko loreak dira, aurkeztuko diren azken sormen lanak, azken ekoizpenak», Agirreren aburuz.
Eta ekitaldi sorta aletzen hasi ziren Azkuna Zentroan bertan.
Aurkezpenak berak izan zuen teatralizaziotik ere, eta Patxo Telleria eta Mikel Martinez bilbotarrek osatutako aktore bikoteak, bertaratutakoen irribarrea piztu zuen. Beraiek “Ez dok hiru!” euskal musikaren benetako istorioa kontatuko dute martxoaren 7an eta 8an Arriagan, eta horretarako musikarien laguntza izango dutela adierazi zuten, umorez eta bertaratutakoen barre algara artean. Mikel Martinezek gainera, Irati Agirreazkuenagarekin batera “Biba Voi! Dario Fo eta Franca Rame akorduan” irakurraldi dramatizatua eskainiko du Cafe Bilbaon.
Arriagan bertan Fernando Bernues, Mireia Gabilondo, Jokin Oregi eta Garbi Losadak “Strip-tease” ekoizpen propio bana aurkezteko parada izango dute. Lau zuzendariok, antzerki pieza bana osatu dute emandako gai horren inguruan: strip-teasea.
Pabiloi 6 antzerkigunean aritzen diren Gazte Konpainiakoek Garcia Lorcaren bizitza eta obra aurkeztuko dute euskaraz. Eta Urretxindorra eta Deustuko ikastolako 100 bat ikaslek pastorala ere prestatu dute.
Dantza eta musika uztartzen
Xabi Aburruzaga agertu zen ondoren agertoki gainean, eskusoinu txiki batek lagunduta. Eta Kukaiko dantzariak ortozik dantzari ekin zion. Piezaren ostean, Kukaik beste lagun dantzari askorekin batera aurkeztuko duen emanaldiaren berri eman zuten. Halaber, Dantzaz konpainiak Mikel Laboaren bizitza eta kantuetan oinarritutako “Txoriak” lana taularatuko du Guggenheim museoan.
Xabi Aburruzaga trikitilariak musika zelta ekarriko du St. Patrick egunean, eta Pete Seeger euskaraz entzuteko parada izango du Lou Topet taldearen kontzertura hurbiltzen denak. Lou Topet taldeak, gainera, hainbat lagun gonbidatu ditu Arriagako agertokira, bertan izango baitira Aiora Zea Mays, Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde eta Izaro abeslariak, besteak beste.
Lukiek –Belako taldeko Josu Ximunen talde berria– eta Hesian Bilboko kafe antzokian arituko dira eta Izaro alde zaharreko Biba gunean izango da. Eta izango dira musika eskaintza gehiago ere.
30 ekitaldi dira hilabete bakarrean, ia egunero bat gutxienez. 150 artista aurtengo jaialdian. Eta iazkoa baino aurrekontu txikiagoarekin, gainera. “Irrintziaren oihartzunak” dokumentala aurkeztuko du Iratxe Fresnedak, Mirentxu Loyarte zinema zuzendari iruindarraren bizitza eta sorkuntza lanen ingurukoa. Aitzindaria izan zen Loyarte eta Ikuska sailean ere ikus dezakegu orain bere lehendabiziko lanetako bat, emakumeei eskaini ziena.
Iazko arrakastaren haritik, aurten ere Bilbronx jaialdia izango da Alondegian. 2zioren hip hopa Lapurditik, Acykal & Layiee Londresetik eta EH2000 & Laize Bizkaitik. Parkour ikastaro bat, scratch lehiaketa, DJ-ak eta musika zuzenean edota body modification saioa...New York eta kaleko kultura berton.
ITU bandak poesia ikuskizuna eskainiko du Bilboko itsasadarrean: “Isabel Iturberen bizitza eta heriotza”. Ondoan izango dituzte Kaluse rock eta psikodelia lantzen duten taldekoak. Egitaraua eta xehetasun guztiak Loraldia.eus gunean.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
