GARA
GASTEIZ

Egiaren Batzordearen sorrera eskatu du Martxoak 3 elkarteak

Frankismoan eta trantsizioan izandako krimenak aztertzeko Egiaren Batzordea sortzea eskatu zion atzo Martxoak 3 elkarteak Gasteizko Legebiltzarrari. Eta biktima guztiak «bazterketarik gabe» aitortuko dituen Memoria Lege bat beharrezkoa dela nabarmendu zuen Andoni Txaskok, 1976ko sarraskia gogoratzeko antolatu zituzten ekimenak iragartzearekin batera.

Frankismo garaian eta trantsizioan izandako giza eskubideen urraketak ikertzeko, Egiaren Batzordea eratzeko eskatu zion atzo Martxoak 3 elkarteak Gasteizko Legebiltzarrari. Halaber, Andoni Txaskok, elkartearen bozeramaileak, biktima guztiak «bazterketarik gabe» aitortuko dituen Memoria Legea beharrezkoa dela nabarmendu zuen, M3moria Gunean egindako prentsaurrekoan.

Bertan aurkeztu zituzten 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko antolatu dituzten ekimenak. Duela 41 urte, Polizia Armatuak bost langile hil zituen Gasteizen, eta ehun lagun zauritu. Oraindik ez dute inor zigortu gertatutakoagatik, eta duela gutxi epaileek artxibatu egin zuten Aldundiak eta Batzar Nagusiek jarritako kereila.

Erabaki hori gaitzesteko, Martxoak 3 elkarteak elkarretaratzea egingo du etzi, martxoaren 2an, Gasteizko epaitegi aurrean. Bertan, frankismoaren «inpunitatea» salatuko dute, eta epaileek giza eskubideen arloan nazioarteko araudiak dioena betetzea eskatuko dute. Txaskoren ustez, epaileek, hilketak gizateriaren aurkako krimen ez direla ebatzita, ez diote nazioarteko zuzenbideari erreparatu.

PPko Gobernuak babestu egin du epaitegiaren erabakia, Jon Iñarrituk egindako galdera bati emandako erantzunean. Madrilgo agintariek Amnistia Legearen zilegitasuna defendatzen dute eta, diotenez, frankismoko eta trantsizioko krimenen erantzuleak ezin izango ziren epaituak izan lege hori indargabetuko balitz ere, haien delituak preskribatuta daudelako.

Omenaldi eta ekitaldiak

Ostiralerako antolatutako ekimenei dagokienez, EH Bilduk gorazarre egingo die biktimei eguerdian, Zaramaga auzoko oroitarrian, eta beste horrenbeste egingo du biktimen elkarteak, 18.30ean. Ondoren aterako da manifestazioa, sindikatuek deituta.

Ikasle mugimenduak Aste Gorria antolatu du 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertaturiko istilu eta heriotzen oroimen historikoa mantentzeko.