Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Biarritzeko Big festibalarenak egin du, diru arazoak direla medio

Mediabask.eus atariak atzo jakinarazi zuenez, aurtengo udan ez da Big Festival jaialdirik izanen Biarritzen.

Iazko edizioan milioi eurotik gorako defizita izan zuten eta aurtengoari aurre egin ahal izateko, antolatzaileek ohiko diru laguntzaz gain (130.000 euro) beste 150.000 euro eskatu diote Herriko Etxeari. Abuztu osoan Irati aretoan Big Boite diskoteka irekitzeko baimena ere eskatu diote. Udalak, ordea, uko egin die antolatzaile paristarrak egindako eskaerei, besteak beste, Biarritzeko gainerako ostatu eta diskotekak kaltetuak suertatuko liratekeelako.

Zortzi urte

Oraindik ohar ofizialik zabaldu ez den arren, Michel Veunac alkateak herenegun eman zien honen guztiaren berri bere auzapezordeei.

Musika jaialdia 2009an hasi zen egiten eta estatu mailako zein nazioarteko talde eta abeslari ezagunen emanaldiak eskaintzen zituen irauten zuen astean. Litekeena da ordezko zerbait antolatzea baina oraindik ez da deus zehatzik iragarri.