Lore AGIRREZABAL
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Txikitasunean handi

Askotan, gauzarik txikienak iristen dira handi izatera. Niri horixe pasatu zitzaidan album honekin. Lagun batek niretzat oparitxo bat zuela esanez eskuratu nuen eta liburua irakurri orduko, oparitxoa uste baino handiagoa zela ohartu nintzen.

Liburu honetan Davide Cali (Suitza, 1972) idazleak oso hitz gutxitan gauza asko esaten dizkigu, ia oharkabean mintzatzen zaigu adoreaz, errespetuaz, autoestimuaz… eta guztia umore ukitu finez janzten du Sebastien Mourrain (Frantzia, 1976) ilustratzaileak.

Uxoa Iñurrietak itzulita, tapa gogorrean eta oso edizio txukunean argitaratu du Ibaizabal argitaletxeak bere Albumak bilduman.

Ilartxo da liburu honetako protagonista. Oso txiki jaio zen, baina etxeko babesean txikitasun horretara egokitua aurkitzen zuen dena eta aurrera egin ahal izan zuen: igerian ikasi zuen, eskalatzen, harien gainean ibiltzen, irakurtzen...

Bere txikitasuna gorabehera, ez zuen bere bilakaeran inolako trabarik izan eskolan hasi zen arte; alegia, etxeko babesetik mundura irten zen arte. Han ohartu zen zeinen txikia zen zenbait gauzatarako. Zailtasunez eta trabaz betetako munduarekin talka egin zuen, benetan txiki eta bakarrik sentitzeraino. Baina bidean, egoera hartatik irteten lagunduko zion zerbait deskubritu zuen eta horretan murgildu zen buru-belarri, bere gaitasunei erreparatu gabe zailtasunekin kezkatuta zeudenei kasurik egin gabe. Horrela, hazten joan ahala, traba asko gainditu eta bizimodu “normala” izatera iritsi zen.

Ilartxo, etxean eta etxekoekin babestuta sentitzen zen, baina kalera, jendartera, irtetean ohartu zen uste baino zailagoa dela aurrera egitea. Nori ez zaio noizbait horrelakorik gertatu?

Ohiko estandarretan sartzen ez denaren istorioa izan daiteke Ilartxorena; zailtasunak gaindituz aurrera egiten dutenena. Baita beste edonoren istorioa ere, guztiok sentitu izan baikara noizbait oso txiki bizitzako egoera batzuen aurrean.

Zailtasunen aurrean geure gaitasunetan oinarritu eta trabak gainditzeko bideak aurki daitezkeela erakusten digu Ilartxok. Gainditzeaz eta ahalegintzeaz dihardu Davide Calik liburu honetan, batere dramarik gabe eta bere idazkeran ohikoa duen umore eta kritika ukitu handiarekin. Hitz gutxiren atzean mezu sakonak iradokitzen dizkigu.

Idazle suitzar honen beste albumak bezala, hau ere oso irakurterraza da eta irakurketa maila bat baino gehiago eskaintzen dizkigu. Izan ere, suitzar honen idazkeran, oso hitz gutxitan esandakoek esanahi bat baino gehiago izan ohi dute. “Ilartxo” liburuak ere heldu baten laguntzarekin irakurketa bat baino gehiagorako aukera emango dio haurrari.

Bigarren irakurketa horiek eta idazlearen umorea ilustratzailearen eskutik are gehiago nabarmentzen dira. Liburu honetan Davide Calik eta Sebastien Mourraienk bikote paregabe osatzen dute.

Orrialde bakoitzeko esaldi bat edo bi irakurri eta ondoan orrialde osoko ilustrazioarekin irudi osoa osatzeko aukera ematen digu Mourrainek. Behin baino gehiagotan irribarrea lapurtuko digun irudia izango da, umore eta esajerazio ukitu handia eransten baitie. Ilartxo jaioberriaren txikitasuna irudikatzeko Mourrainek pospolo-kaxa batean sartzen du lotara, lego zatiak eskalatzen jartzen du, matxinsalto baten gainean zaldi gainean balego bezala marrazten du… Ilartxo handitzen denean ere txiki izaten segitzen duela iradokitzen jarraitzen du ilustratzaileak umore handiz: gidatzen duen autoa jostailuzkoa da bere ilustrazioan, eta lantokia zapata-kutxa bat.

Irribarre txikia ahoan eta handia barruan. Horixe eragin zidan niri liburuak.