GARA
BILBO

Hitzaren pentsamendura

Hamargarren urteurrenean sartuko da apirilaren 25ean Bilboko Gutun Zuria literatur jaialdia eta ospakizun hitzordu gisa prestatu dute aurtengoa. Hitzak protagonista izaten jarraituko du eta literaturak, poesiak eta argitalpenek leku berezia izango dute. Parte hartzaileen artean izango dira Annie Proulx, Siri Hustvedt, Diamela Eltit, Kirmen Uribe, Alberto Manguel, Chantal Maillard, Dario Jaramillo eta Beñat Sarasola, beste askoren artean.

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak hamargarren edizioa izango du apirilaren 25etik maiatzaren 1era egingo den literatur bilkuran. Idazleek hartuko dute hitza, sorkuntzan eta arlo pertsonalean izandako esperientzietatik abiatuta, gaur egungo jendarteaz hausnarketa egiteko.

Azken hamarkadan ehun idazle baino gehiagok parte hartu dute hitzorduan. Mundu osoko erreferentziazko idazleak izan dira bertan, Nobel sariak tartean, baita euskal letretako ordezkariak eta literatura arloko kazetariak ere.

Aurtengoan “Ospakizuna” izango da protagonista eta inaugurazioa Alberto Manguelen eskutik iritsiko da, literaturari egindako gorazarre batekin. Ospe handiko izenak izango dira harekin batera: Anne Proulx, Siri Hustvedt, Diamela Eltit, Kirmen Uribe, Jean-Claude Carriere eta Guillermo Arriaga. Literatura ardatz gisa duten adierazpide artistiko desberdinekin jarriko dute harremanetan beren sorkuntzako esperientzia.

Aurten poesiak ere leku berezia izango du; Chantal Maillard, Clara Janes, Dario Jaramillo, J.A. Gonzalez Iglesias eta Beñat Sarasolak errezitaldi poetiko bat eskainiko dute, gogoangarria izango den elkarketan.

Argitalpenen alorrari begira ere jarriko da Gutun Zuria. Ofelia Grande (Siruela), Manuel Borras (Pre-Textos), Joan Tarrida (Galaxia Gutenberg) eta Claudio Lopez (Penguin Random House) editoreek katalogo editoriala nola prestatzen den azaldu eta liburuen edizioaren eta sustapenaren azpian dagoen egitura konplexuaren berri emango dute.

Aurtengo Gutun Zuriaren inaugurazioan Olatz de Andresek “The Endgame” antzeztuko du. Proiektu horrek begirada kaleidoskopikoa zuzentzen dio mila urte baino gehiago dituen xake jokoari, eta joko horren arauetan, metaforetan eta aukera amaigabeetan inspiratuta dagoen mugimenduaren mundua sortzen du.

Instalazio artistikoa

Apirilaren 25etik maiatzaren 1era, Bilboko Alondegiko atariak Luzinterruptus kolektiboak sortutako eta herritar guztiei zabalik dagoen instalazio artistikoa hartuko du, pentsamenduei argi egingo diena. Auzotarrek eta bisitariek landutako 5.000 koaderno erabiliko dira. Parte hartu nahi duenak oroitzapenezko koadernoa eskatu beharko du Alondegian, eta bertan bere hausnarketak islatu: esaldi bat, marrazki bat, kontakizun bat, sinbolo bat... “Denboran zehar” instalazio artistikoa ikusgai egongo da Gutun Zuria egiten den egunetan. Azken gauean, bisitari guztiek koadernoak eraman ahal izango dituzte.

Horrez gain, Gutun Zuriak jarduera paraleloak izango ditu. Liburuaren egunaren inguruan, apirilaren 23an Alondegiko Auditorioan 1936ko gerrako haurrak erbesteratu zituztenetik 80 urte igaro direla eta, “Odiseak 1937-2017” ikuskizun eszeniko eta musikala egingo da. Apirilaren 26an eta 27an “Brokeback Mountain” eta “Soy el último de los míos” filmak eskainiko dira Annie Proulx eta Kirmen Uriberen parte hartzearekin.

Martxoaren 7tik maiatzaren 1era, bestalde, “Gutun Zuriaren trazuak” erakusketa egongo da ikusgai, jaialdiaren hamar urteetan ibilbide bat egingo duena.