Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kontu berriak, Jainkoarren!

Mundu aldrebesa gaurkoa. Momentuz, ipar hemisferioa iparrean eta hegokoa hegoan badira ere, ez da seguru bihar-etzi hala mantenduko direnik. Jainkoak berak ere baleki! Baina ideiarik ez! Ekialdea gero eta mendebaldeagoa, eta mendebaldea gero eta mendebaldeagoa ere. Jadanik, Lurra biribila baino gehiago karratua da, ertzez beterikoa, eta ertz bakoitzean harresi bi, etorkinentzat bata, joakinentzat bestea. Mon Dieu! Ez da harritzekoa gero, iparrorratza agertzen lehena izatea mugikorra piztean, markatzen duena iparra ez bada ere…

Tira, harira! Eguraldia nolakoa den! Loiuko aireportuan lanbro itsua denean Barajasekoan eguzki garbia; Biarritzekoan ez bata ez bestea, ertzeko mugaz bestaldean denez zulo beltza eguraldian! Total, hemen lurra ezin hartu eta hango hartara joan behar lurra hartzen. Lurra hartzeko bakarrik ez, itsasoa hartzeko ere han erabaki! Kolpea gero! Itsaso ezin hemen udalerria izan hango legediaz. Eta Aldundia haserre antzean, autogobernuari erasoa delakoan… euria eta bustia ez dute batzuek oraindik desberdintzen. Amen. Laster batean Kantauri itsasoa bera ostuko digute, eta haserre antzean segituko dute… kontenplaziozko kudeaketan sinesle, kosta ahala kosta. Zezenei ezin adarretik zuzen eutsi, galdetzeko aukera ere ez dutelako. Tira, zaborra erretzen uzten dieten bitartean! Mon Dieu, berriro!

Aurrekontuen garaia da, instituzioetan. Eta mundu aldrebesean bestelako diskurtsoak bestelako hizkeran egiteko ondo dator Uzeik plazaratu duen hiztegi alderantzikatua, atzekoz aurrerakoa balioan jartzekoa. Errealismoa eskatzen dute batzuek, aurkeztutako aurrekontuen aldekoa, jakina. Fiskalitatean batzuei deskontuak dakarzkien atzekontuak. Atera kontuak! Reality show, edo! Errealismoa? Ateismo erreala nahiago! Jainkorik ez eta lege berriak! Mon Dieu!