N.B.
ASTIGARRAGA
ASTIGARRAGA

Antolatzeko lanak izan arren, lortu izanagatik guztiz asebeteta

Astigarragako lantaldea elkarlanean aritu da Hernaniko Baga Giltza talde dinamizatzailearekin; horren adibide, kontsulta egiteko behar ziren sinaduren bilketaren festa harekin batera antolatu zuten. Oraingoan, ordea, nork bere herrian egin du lan, eta txukun gainera.

Akats teknikoen arazoa Hernanin baino pixka bat gehiago luzatu zen, baina ahal bezain laster konpontzen ahalegindu ziren. 13.00etan Ergobia auzoko mahaia itxita zuten eta erdialdeko mahaian bakarrik bozka zezaketen herritarrek. Hala, larrialdiko protokoloa jarri zuten martxan eta botoa ematen zutenen izena eskuz apuntatu behar izan zuten dena bere onera itzuli zen arte.

Sistema informatikoari esker herritarrek bozkatzeko mahaia aukera dezakete –erroldatuta dauden herrian, betiere–, nork bere izena sisteman sartzean gainerako mahaietan ere kentzen delako automatikoki, baina sistema ez zebilenez eta eskuz apuntatzen ari zirenez, pertsona batek bitan bozka ez zezan, mahai bakarra utzi zuten zabalik.

13.15 inguruan eman zieten abisua arduradunei: Ergobiako hauteslekua ere martxan zegoen. Lasaitua hartu zuten orduan: «Lehenengo orduan oso pozik geunden partaidetzarekin, baina justu jende gehien animatzen hasi denean erori da sistema. Sekulako kolpea izan da. Asko kostatzen zaigu honelako gauzak antolatzea eta jendea atzera bidali beharrak pena ematen du», esan zuen Ane Ollokiegi bertako prentsa arduradunak.

Brindisa «ospatzeko»

Goizean zehar Joseba Barandiaran plazan hainbat ekintza egin zituzten eta arratsaldean Ergobiara eraman zuten festa, bertako jendea ere aktibatzeko asmoz. Amaitzean brindisa egin zuten erdialdeko hauteslekuan «ospatzeko», baina ez emaitza bera ospatzeko, baizik eta honelako ekitaldi bat aurrera eramateko gai izate hutsak ospakizuna merezi duelako.