Mubarak aske geratu da eta 2011ko iraultzaile asko, preso
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia aske utzi zuten atzo, 2011n bere kargugabetzea eragin zuten iraultzaile asko giltzapean, hilda edo desagertuta dauden bitartean.

Egiptoko demokraziaren hilkutxari azken iltzea sartu zioten atzo, Mubarak diktadorea aske utzita. Farid al Deeb abokatuak jakinarazi zuen atzo bertan irten zela hiriburuko erietxe militar batetik, bertan azken urteetako zati handi bat «giltzapean» egon ondoren.
Adel Ramadan Initiative for Personal Rights giza eskubideen aldeko elkarteko abokatuak nabarmendu du Mubaraki oso tratu berezia eman diotela bere aurkako prozesuari hasiera eman ziotenetik: «Mubarak eta erregimenaren beste ikur guztiak tratatu dituzten modu humanoaren eta 2011ko urtarrileko militanteei emandakoaren artean sekulako aldea dago». Espetxean eduki dituzten manifestari haietako batzuk «aske» geratu direnean ere, oso zaintza judizial zorrotzaren biktima izaten jarraitzen dutela erantsi du.
Esaterako, orain bi hilabete askatu zuten Ahmed Maher, bere garaian Apirilaren 6ko Mugimenduko eleduna izandakoa. Hurrengo hiru urteetan egunero bere auzoko polizia-etxera joan beharko du, gaua pasatzera.
Torturatzaileen burua
Habib al Adly Barne ministro ohia Mubaraken erregimenaren torturatzaileen eta gehiegikerien ikurra zen, baina Abdel Fatah Al Sissi kolpistaren Egipton epaitu dutenek erabaki dute 2011ko matxinadan hil zituzten manifestarien heriotzarekin ez zuela zerikusirik izan.
Aldi berean, Alaa Abdel Fatah eta Ahmed Duma, 2011ko matxinadan nabarmendu ziren ekintzaileetako bi, preso dituzte oraindik.
Joan den astean, Al Sissiren erregimenak jakinarazi zuen manifestazioen debekuarekin zerikusiren bat zuten kasuekin lotutako 203 presori indultua eman dietela; baina ekintzaile ezagunenak ez daude, berriz, kalera irten direnen artean.
Egiptoko Justizia Administrazioak Mubarak aske utzi izana ez da izan 2011ko manifestarien gustuko. Batzuek oso garbi esaten dute «alferrikako iraultza» izan zela. Ahmed Mohamed 29 urteko gaztea horien artean dago: «Herrialdeari pasatu zaionak frustrazioa eragin dit, beste askori gertatu zaion moduan. Iruditzen zaigu ezer ez lortzeko esku hartu genuela».
Beste batzuek ez dute alde handirik ikusten Mubaraken eta Al Sissiren erregimenen artean. 28 urteko Osama Mahmuden hitzetan, Egiptok duen arazo nagusia «Armada bera da; Mubaraki dagokionez, bost axola aske uzten duten, espetxean sartzen duten edo hiltzen den».
Izan ere, egungo egoerak Mubaraken garaikoa ekartzen du gogora, ekonomiari dagokionez zein errepresioarekin lotura duten kontuetan: desagerrarazitako ekintzaileak, atxiloketa arbitrarioak eta torturak, esaterako, ez dira batere aldatu.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
