Poesia munduaren ikuskeran
Adrienne Rich, Alfonsina Storni eta Dylan Thomasen antologiak oinarri hartuta, haien lanetako hautaketa bat gehitu du hiru aletan Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaieren bildumara. Maialen Berasategi, Uxue Alberdi eta Iker Alvarezek egin dituzte, hurrenez hurren, itzulpen lanak, idazle bakoitzaren bizitza eta mundu ikuskera euskarara josita.

Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaieren bilduma are zabalagoa da atzoz geroztik. Kasuan, Adrienne Rich, Alfonsina Storni eta Dylan Thomasen lanak, hurrenkera horretan, Maialen Berasategik, Uxue Alberdik eta Iker Alvarezek euskarara itzuliak.
Berasategik Adrienne Rich estatubatuarraren obraren aukeraketa bat ekarri du kaieretara. AEBetako klase ertaineko familia zuri batean jaioa 1929an, Richek ibilbide poetiko luzea izan zuen, orain bost urte hil zen arte. Aldaketak izan zituen bere ibilbide literarioan, hasierako formaltasunetik ondorengo poesia askeagoraino. «Hasieran, miresten zituen poeten ideiak jarraitu zituen», gizonen poesia tradizionala gehienbat, aipatu zuen Berasategik. Baina 70eko hamarkadaren bueltan, Vietnamgo gerra, botere arrazista eta matxisten aurkako borroka, eskubide zibilen aldekoa iritsi ziren idazlearen bizitzara, ordura arteko zimenduak beste oinarri berri batzuengatik aldatzeraino. «Familia nukleoa apurtu zuen, senarra utzi eta bere lesbianismoa aldarrikatzeko. Bere poesia erabat aldatu zen».
Argiagoa, askeagoa eta aldarrikapen gehiagokoa bihurtu zen ordutik aurrera bere lana. Artikulu askoren egilea, gai ugari aztertu zituen; emakume idazleen obrak, hezkuntza sistema, arrazakeriaren inguruko kritika eta autokritika, lesbianismoa... «Bere poesia eta prosa elkarren osagarri dira».
Autorearen hitzak gogora ekarri zituen itzultzaileak. «‘Idaztea berriz izendatzea da’. Sekula ahotsik izan ez duten gizakiei babesa eta indarra eman nahi zien». “Isiltasunaren kartografia” poema sorta izan daiteke adibide. «Isiltasuna haustea ez ezik, isiltasunaren presentzia ere aztertu zuen». Ezkutatutako emakumeei buruz hitz egin zuen, polizia etxera bortxatuak izan ostean doazen emakumeak, etorkinek muga gurutzatzean aurkitzen dituzten espero gabeko egoerak... «Ahots propio baten bila jo zuen eta hondora-lekuetaraino iritsi zen, hizkuntza berri bat sortzeko, borroka egin ahal izateko. Zibilizazioari desleial zitzaizkion idazleentzat idatzi zuen, munduaren ukendu direnen alde».
Richen poesia bi kontzeptuk mamitzen dutela iritzi dio Berasategik. Boterea eta amorrua, eta biak elkarri lotuak. «Boteredunei aurre egin nahi eta ezinaren amorru hori. Batzuetan amorru bizia, bestetan amorru sorra, baina beti aldarrikatuz hurbiltasuna eta samurtasuna ere.
Uxue Alberdirena da bigarren itzulpena. Kasuan, Alfonsina Storni (Suitza, 1892 – Argentina, 1938). Kasualitatezko aurkikuntza izan zen bertsolari, idazle eta itzultzaile elgoibartarrarena. Ez zuen bere obra ezagutzen –«gehiago berari buruzko kantuak»–, harik eta erietxean zegoen lagun bat zaletu zen arte, «obsesioraino ia». «Orduan hasi nintzen Storniren lana euskarara ekartzen», adierazi zuen.
«Gorputzari eta naturari» oso lotutako poesiatzat jo zuen Alberdik, «poetika sutsua, pasionala», itsasoaren presentzia nabarmentzen delarik obraren gehiengoan. «Hasieratik aitortzen dio itsasoari dion inbidia. Indarraren eta ahuleziaren arteko dantza hori, nahiz eta bere ahotsak indarraren alde egin izan duen beti». Storni itsasoan hil zen, bere buruaz beste eginda, eta hain zuzen heriotzak eta itsasoak bat egin izan zuten poema askotan. «Heriotzarekin gaztetatik dialogatzen du». 26 urterekin idatzi zuen “Bihozkada” poema, bizitza laburra izango zuen susmoaz.
Areago, emakume egokiaren kontra egite bat ere badago bere lanean, aurrez ezarritako kanonen aurka, askatasunaren bilaketa batean. «Bere buruaren jabe den emakumea marrazten du eta emakume libre izateak duen prezioaren kontziente da».
Irudiaren bila
Dylan Thomasen obrari heldu dio Iker Alvarezek, oso ondo ezagutzen duen autorea. «Poesiarentzat harresiak garaiagoak izaten dira eta mundu anglosaxoitik kanpo ez da gehiegi hedatu». Berak, baina, aski ezagutzen du bere obra.
«Askotan esan da Thomasen poesia iluna, hermetikoa dela». Baina eman du itzultzaileak horren inguruko azalpenik. «Artelan baten aurrean jartzen garenean maiz ez dugu ulertzen zer esan nahi duen, baina poesiari ulergarritasuna eskatzen zaio. Thomasen lagun batek galdetu zion nola irakurri ahal zituen poemak zerbait ulertzeko. Thomasek literalki irakurtzeko esan zion. Ironia dirudi, baina literalki irakurriz gero irudi bihurtzen da poema eta iruditik zerbait lor dezakegu», gaineratu zuen.
Alvarezen iritziz, autoreak «etengabe sortzen du harridura, harriduraren poeta da». Bere estiloa mantentzea erronka izan du Alvarezek; «zentzua emateko poesiari, sortu behar da beste poesia bat itzulpena egiterakoan». Bere asmoa, hortaz, lehenengo irakurralditik irakurleak zerbait barrura eramatea izan da; «kritikoki ere poesiara hurbildu beharra dago, analizatu eta birsortzeko».

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
