GARA
RAMALLAH

Palestinar bat hil dute Jerusalemen bi israeldarri eraso egin ondoren

Nablus hiritik heldutako 17 urteko adingabe batek bi israeldarri eraso egin zien arma zuri batekin, eta ihes egiten ari zela Mugetako Guardiako kide bat zauritu zuen. Tiroka hil zuten.

Ramallah eta Nablus hirien artean den Geulat Zion mendixkan kolonia judu bat eraikitzeko Netanyahuren Gobernuak emandako baimenak eragin duen giroan palestinarrek egindako beste eraso bat izan zen atzo, Jerusalemeko ekialdean.

Micky Rosenfeld Poliziaren eledunak baieztatu zuen tiro egin ziotela «terroristari» eta erasoa egin zuen eremua itxi egin zutela berehala. Gainera, segurtasun indarrek neurriak hartu zituzten tankerako erasorik egin ez dadin.

Begirale guztiek 2015eko urriaz geroztik palestinarrek egin izan dituzten erasoen dinamikan kokatu dute atzoko erasoa ere. France Presse agentziak egindako kalkuluen arabera, hemezortzi hilabete horietan 259 palestinar hil dituzte Israelgo segurtasun indarrek zein kolonoek. Berrogei israeldar, bi estatubatuar, jordaniar bat, eritrear bat eta sudandar bat hil dituzte, berriz, erasotzaile palestinarrek.

Ama baten etsipena

Joan den asteazkenean emakume palestinar bat saiatu zen, Jerusalem hiriko ekialdean, Mugetako Guardiako kide batzuei eraso egiten. Guraize batzuekin. Tiro eginda hil zuten.

Siham Ratib Nimerek 49 urte zituen eta iazko irailaz geroztik zegoen erabat lur jota. Mustafa Nimer semea Poliziak egindako akats baten biktima izan zen: gidatzeko baimenik ez zuen lehengusuarekin igo zen autora (behin baino gehiagotan atxilotu izan zuten horregatik), eta, ibilgailuaren mugimenduak ikusita, segurtasun indarrek pentsatu zuten israeldarrak harrapatzeko ahaleginean ari ziren palestinarrak zirela eta tiro egin zieten. Gidaria atxilotu egin zuten, baina Mustafa bera tirokatuta hil zuten. Poliziak berak egin zuen ikerketak garbi utzi zuen gertaerak ez zuela zerikusirik palestinarren erasoekin.

Etsipena gero eta hedatuago dago palestinarren artean. The Electronic Intifada hedabideak egunotan jakinarazi duenez, Gazako umeen artean ikaragarri egin du gora minbiziak, %41 hain zuzen, eta adituek uste dute Israelgo Armadak erabili izan dituen arma debekatuak daudela fenomenoaren atzean.