GARA
ERBIL

Hegoaldeko kurduek aurten egin nahi dute independentzia erreferenduma

Hego Kurdistango Gobernuak atzo onartu zuen independentzia erreferenduma aurten bertan egitea, Rudaw hedabideak jakinarazi duenez.

PUK Kurdistango Batasun Abertzaleak eta KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoak bilera egin zuten Pirmamen. Masud Barzani presidentea (KDP) bertan zen. Hego Kurdistango bi alderdi nagusiek galdeketa antolatzeko batzorde bat sortuko dute. KDPko eledun batek nabarmendu zuen bi formazioak bat datozela erreferenduma aurten bertan egin behar dela esateko garaian.

Bi alderdiek adostutako idatziaren arabera, nazio kurduak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, «autodeterminazio eskubidea Kurdistango nazioari dagokion eskubide naturala baita». Hego Kurdistanen norabide politikoa zein administratiboa aukeratzeko erreferenduma da egokiena, aipatu alderdien arabera.

Bi formazioak gaur bertan hasiko dira Hego Kurdistango beste alderdiekin hizketan, ekimena behar bezala azaltzeko. Aldi berean, negoziazio prozesu bat abian jarri nahi dute Irakeko Gobernuarekin eta ondoko beste herrialdeekin independentziari buruz aritzeko.

Kirkuk eta bandera

Ofizialki Irakeko eskualde bat baino ez da Hego Kurdistan, baina 1991ko gerraz geroztik estatu independente moduan funtzionatu du eta bere armada propioa era badu, pexmergek osatua.

Erreferenduma 2014an egiteko asmoa zuten, baina ISIS Estatu Islamikoaren sorrerak egitasmoa zapuztu egin zuen.

PUK eta KDP alderdiek txalotu egin dute Kirkuk probintziako agintariek bandera kurdua erabiltzeko hartu duten erabakia, nahiz eta Bagdadeko agintariak aurka egon.