Gambiako presidentearen alderdia, Parlamentuan nagusi
Adama Barrow presidentearen alderdi politikoak gehiengo absolutua lortu zuen ostegunean egindako hauteskundeetan: Batzar Nazionaleko 58 eserlekuetako 31 eskuratu zituen UDP Alderdi Demokratiko Batuak, eta horiei Barrowek berak izendatu behar dituen bost diputatuak erantsi behar zaizkie, Alieu Momar Njie Hauteskunde Batzordeko presidenteak emandako datuen arabera. Beraz, 58 diputatu dituen ganberako gutxienez 36 parlamentari izango ditu bere alde abenduaren 1eko bozketan garaile atera zen agintariak.
Yahya Jammeh presidente ohiaren APRC Eraikuntzarako eta Aberria Birbideratzeko Aliantzak bost eserleku baino ez ditu lortu, 22 urtetan herrialdea zuzendu eta azken legealdian erabateko gehiengoa eduki ostean.
Ekuatore Gineara ihes egin zuen politikariak, hauteskundeetako emaitzak aurrena onartu eta ondoren iruzurtzat hartu zituen gizonak.
Barrow bera Senegalera joan zen Jammehk kargua ez zuela utziko esaten zuen aste haietan, eta bertan inbestitu behar izan zuten. Azkenean, Afrikako mendebaldeko herrialdeek bidalitako tropek lortu zuten galtzaileak kargua eta herrialdea uztea.
Konstituzioa aldatu
Lamin Dibba ministroak esan du «posizio ezin hobean» daudela UDP zein presidentea. Begiraleek diote ez dutela arazo handirik izango Gambian ezarri nahi dituzten erreformak aurrera ateratzeko. Konstituzioa aldatzea izango da lehentasunetako bat. Gainera, Dibbak erantsi du hemendik aurrera Batzar Nazionalak ordezkatuko duela Gambiako herria, ez presidenteak, Jammehren garaian gertatzen zen moduan.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
