Nagore BELASTEGI
GAZTE AKELARREA

EZAGUTZA ETA LANKIDETZA BORROKARAKO TRESNARIK BOTERETSUENAK DIRENEAN

EUSKAL GAZTEEZ GAIN, NAZIOARTEKOAK ERE BILDU DIRA IGORREN. ELKAR EZAGUTZEKO AUKERA APARTA IZAN DA GAZTE AKELARREA, ONDO PASATZEKO ERE BAI, BAINA EZ DUTE AHAZTEN FINEAN TOPAGUNE POLITIKO BAT ERE BADELA ETA NAHI DUENAK IKASTEKO ASKO DUELA BAI GAINERAKO KIDEEN ESKUTIK BAI ANTOLATUTAKO HITZALDIEN BIDEZ.

«Oporrak aprobetxatzen gabiltza. Bueno... oporrak...», aipatu zidan gurekin lana egin zuen gazte batek aurreko gauean parranda egin zuela aitortuta, baina hitzaldi batetik ateratzen ari zen horretara joan zirelako bera eta bere lagunak. Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek batera antolatzen duten udaberri festa hau jada klasiko bat da gazte abertzaleen artean, badakitelako giro apartaz gain ikasteko ere asko aurkituko dutela.

Esan genezake «jaia bai, borroka ere bai» esaldi ospetsuaren gailurra dela honakoa, bertan biltzen baitira Euskal Herriko milaka gazte ondo pasatzeko prest, lagun berriak ezagutzeko intentzioarekin, baina baita ere euren etorkizunaren alde borrokatzeko tresnak eskuratzeko nahiarekin.

Gazteak dira baina ez horregatik ezjakinak. Badakite topagune hauek baliotsuak direla beraientzat eta nahi duten etorkizuna eraikitzeko balioko dietela. Horretan aurkitu genituen nazioarteko gazte antolakuntzetako delegazioko gazteak. Talde argazkia ateratzeko bidean harrapatu genituen Purna taldeko Ruben Hervas (Aragoi) eta REU taldeko Jesus Garcia Sanchez (Asturias). «Formakuntza politikoa dago eta baita kontzertuak ere. Denerako denbora dago; formala izateko eta ez izateko», esan zuten barrez.

Urtero etortzen dira eta kideak txandakatu egiten dituzte. Talde batzuetan gehiago dira eta beste batzuetan gutxiago. Adibidez, Aragoikoan hamabi dira aurten eta Norvegiakoan bat bakarrik.

Hervasek eta Garcia Sanchezek esandakoaren arabera, beraiek ekitaldi handiren bat antolatzen dutenean Ernai eta Aitzinakoak ere gonbidatzen dituzte, baina beraien jarduera ez da hain indartsua. «Euskal Herrian konpromiso handiagoa dago historikoki mugimenduak berak izan duen ibilbidearengatik», aipatu zuten.

Denak elkartu zirenean, Kultur Etxearen kanpoan, argazkia atera zuten eta plataforma desberdinetan erabiltzeko bideo bat grabatu zuten, «hamaika herri, borroka bakarra» leloa oihukatuz.

Joan-etorriak

Atzokoa egun garrantzitsua izan zen Gazte Akelarrean: larunbata izateagatik eta Aberri Egunaren bezpera izateagatik. Gazteen joan-etorriak ere ugariak izan ziren. Batzuk, gau luze baten ostean joan egin ziren. Autobus geralekuetan zeuden goizean, aurpegiak eguzki izpietatik babesten. Beste batzuk, ordea, iritsi berriak ziren, fresko. «Oraintxe iritsi gara eta programa aztertzen ari gara, zer egin erabakitzeko», zioen Bilboko neska talde batek. Batzuk croissanta jaten ari ziren, beste batzuek jada garagardoa zuten eskuan. Ogitartekoa motxilan zutela aitortu ziguten; izan ere, behin festan hasita ez dakizulako noiz sartuko zaizun gosea, eta agian bazkaltzeko gogoa egin zaizunerako jada ez da bazkalordua.

Umore txarragoan zeuden autobusaren zain zeuden bi gazte rastadunak. Motxilaren gainean etzanda zeuden, hizketarako gogo gutxirekin.

Baina Gazte Akelarrean gehiengoak malladun neskak eta praka motzdun mutilak ziren, alegia, lau egunetarako arropa aukeratzean erosoenaren aldeko hautua egin zutenak. Bi kanpaleku zeuden Igorren: bata, osteguneko Zornotza-Igorre martxan parte hartu zutenek dendak jartzeko balio zuena; eta bestea, furgonetarekin gerturatu zirenentzat. Bonua beharrezkoa zen luxu gutxiko baina mimo handiz prestatutako “hotel” horietan lo egiteko.

«Atzo berandu oheratu ginen eta hain geundenez nekatuta, primeran egin dugu lo. Gaur goiz esnatu gara ez dugulako ezer galdu nahi... baina egun osoko nekeak merezi du. Kafetxo batekin erraz ematen diogu buelta», adierazi zuen dutxatu berri zen neska batek, irribarrea galdu gabe.

Inondik etorri eta inora joan ez ziren gazte horiek guztiek, jada ahotsik gabe zeuden ehunka gazte horiek, atzo egin zuten euren azken gaua. Gaur Aberri Egunera gerturatuko dira denak batera; batzuk Gernikara eta beste batzuk Uztaritzera, alde batera edo bestera, baina topaguneak izan duen ildo berberari jarraituz.

“Sugarren dantzan independentziara!” leloak argi uzten zuen zein zen aurtengo udaberri festaren argigunea. Gazteen eztabaida guztiek ahalduntzerako balio dute eta independentzia bera dute helburu. «Herri burujabe bat nahi badugu aktiboak izan behar gara, ezin dugu beste batzuen esku utzi beste inork ez duelako gugatik borrokatuko –garagardoari trago bat– eta gainera, gu gara Euskal Herriaren etorkizuna eta etorkizunean pausoak emango ditugu», zioen Akeita Gunean zegoen mutiko batek.

Gune horrek ekintzez lasai gozatzeko aukera ematen zuen: antzerkiak, tailerrak, musika saioak eskala txikian, chill-out estiloko sofa erosoak... Kobazulo gunean ez bezala! Frontoiaren inguruan prestatutako txoko honetan kirola egiteko aukera zegoen. Hala, tirolina luzea jarri zuten alde batetik bestera. Umeak ibili ziren gehienbat abiaduraren eta grabitatearen indarraz gozatzen. Alboan rokodromo bat dagoenez, hori ere erabili izan dute Akelarrean gazteak. Atzo eskalada tailer bat eman zuten hasiberrientzat, baina ostiralean eman zioten erabilera garrantzitsuagoa izan zen, bertan ospatu baitzuten udaberri festako lehenengo eskalada txapelketa.

Beste kantoi batean gazte ugari zeuden pilatuta slackline-an saiatzen, euren oreka trebatzen. Baina honetan ere maisuak daudela erakutsi zuen highline erakustaldia egin zuen batek. Slackline altuera handian egitean datza. Frontoiaren goialdean kokatu zuten zinta eta bertan ibili zen atzera eta aurrera jendearen txaloei erantzuten. «Orain begiak itxita», oihukatu zion batek, eta berak begiak eskuekin tapatu zituen. Musikaren erritmoa eskuekin jarraitzen ere saiatu zen, eta nahiz eta hiru edo lau aldiz erori, behin eta berriro saiatu zen alde batetik bestera ibilbide osoa egiten. Hori bai, buruz behera sokatik zintzilik gelditu arren buruan zituen eguzkitako betaurrekoak ez ziren mugitu ere egin.

Hala ere, zoramenerako espazioa karpa handia zen. Bertan, gauean, kontzertu handiak eskaini izan dituzte. Atzokoan Gatibu, Huntza, Riot Propaganda, Lagrimas de Sangre, Koban eta Zirkinik Bez taldeen txanda izan zen. Musika alternatiboak ere bazuen bere lekua Sound System gunean, eta bertan Euskal Dub Etxea, Aneguria, Gorka Suaia, Mad Muasel eta Antxon Sagarduik jo zuten Akelarrearen azken gauean.

Arratsaldean, manifestazioa egin zuten herriko kaleetan zehar industrialdean hasita eta ondoren ekitaldia eskaini zuten karpan Ernaiko eta Aitzinako zein nazioarteko gazte antolakundeetako ordezkariekin .