Ane URKIRI ANSOLA
SUPER AMARA BERA BERA

Seigarren Kopa gertu izan du

Dara Hernandezek bigarren zatian eginiko geldiketei esker neurketa irauli zuten kanariarrek, luzapenean Kopa irabazteraino.

BERA BERA 26

ROCASA 27

 

Finaleko 60 minutuak luzeak izan daitezke, are gehiago luzapena probokatu eta 10 minutu gehiago jokatu behar bada. Fisikoki eta mentalki asko exijitzen du. Super Amara Bera Berak bazekien hori, lezioa ondo ikasia dauka, Kopako seigarren finala errenkadan jokatzen baitzuen atzo. Guztira bederatzi jokatu ditu, bost irabazita, eta atzo, etxeratu ez bazuen ere, atzamarka egin zion garaikurrari.   

Final-laurdenetan eta finalerdian donostiarrek kaskar hasi zuten neurketa, baina bietan atsedenaldira gol bateko aldearekin joatea lortu zuten. Atzokoan alderantzizko egoera izan zen. Zaila da lehen zati hobea egitea. Erasoan asmatzen (Martinez erreferente, bost golekin), defentsako sendotasuna eta Tempranoren fintasuna baliatuta (7 geldiketa egin zituen) bost goleko abantaila lortu zuen Pucheren taldeak aurreneko 30 minutuetan (15-10). Hasieratik bukaeraraino nagusi izan zen Bera Bera, eta markagailuan islatu zuen. Hogeigarren minutuan hiru gol aurretik zegoen talde gipuzkoarra eta zazpi minutuan alde hori seira igotzea lortu zuen. Biek ala biek baloi asko galdu zituzten –neurketa osoa iraun joera horrek– eta lehen zatian donostiarrek ondo aprobetxatu zituzten aurkariaren hutsegiteak. Navarro atezainak geldituak egin bazituen ere (bost guztira), aldaratzeetan adi ibili ziren Bera Berako jokalariak eta ezerezean utzi zituzten geldiketa horietako hiru. 

 

Dara Hernandezek joera aldatu 

Bigarren zatia hasi eta minutuak pasatu ahala diferentzia murrizten joan ziren kanariarrak, abiadura nabarmenean, gainera. Ezkurdiak donostiarren 20. gola 37. minutuan egin zuenetik, ate aurrean makal agertu zen Pucheren taldea. Orduan, artean hiru gol aurretik ziren, baina entrenatzaile madrildarrak denbora gelditu eta neurketa bideratze aldera agindu batzuk eman zituen. Haren jokalariak, ordea, behin eta berriz Dara Hernandez atezainarekin aurkitzen ziren. Bai izkinako jaurtiketetan, bai distantzia gehiagotik egindakoetan eta, noizean behin, erasoan eginiko faltak adierazten zituzten epaile kantabriarrek. Ordu laurden baten buruan ez zuten atea zulatu eta horiek horrela, Rocasak 0-6ko partziala egin zuen, markagailua irauliz (20-21). 

Hamar minuturen faltan bi atzetik ziren donostiarrak eta kolpe bakoitzetik altxatzen dakitela erakutsi zuten. Inoiz ez dute lesioen aitzakiarik jarri eta horrela iritsi ziren finaleraino. Atzokoan, azken unean, momentu erabakigarrienean, kronoa eta markagailua kontran izan arren, Dara Hernandezen egun borobilaren aurrean izan arren, burua hotz izan zuten berdinketa ezartzeraino. Bide horretan Tempranok minutu baten faltan eginiko geldituak meritu handia izan zuen. 

Luzapenera iritsita esperantzak bizirik jarraitzen zuen. Beste hamar minutu ziren, baina Dara Hernandezek maila bikaina erakusten jarraitu zuen. Falconek 24-25ekoa egin zuen eta azken bost minutuetan, bi taldeek gol bana egin eta 40 segundoren faltan Bera Berak baloia zuenean, atezain kanariarrak (12 geldiketa) garaipena eman zion Rocasa Kanaria Handiari, beraien bigarren Kopa eskuratu eta Bera Bera seigarrena irabaztetik gertu egon zen egunean. 

 

Puche: «Txapeldunorde duinak izan gara»

Neurketa amaituta eta arnasa hartu ondoren, Puche, Menendez eta Martinez bat etorri ziren adierazpenetan. Beraien talde eta taldekideez harro agertu ziren hirurak eta aurkaria zoriontzeaz gain, bere jokalarien esfortzua goraipatu zuen entrenatzaile madrildarrak. «Bigarren zatian hil gara eta uste dut txapeldunorde duinak izan garela», zioen Puchek. Ana Martinezek, bestalde, burua jada falta diren ligako lau partiduetan duela ohartarazi zuen: «Gerra bat izango da eta ezin dugu huts egin». A.U.A.