Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Abenturak eta sekretuak

Abuztuaren 15ean Donostian, festaren zurrunbiloaren erdian haur bat galdu da hondartzan. Ez da lehena eta ez da bakarra izango. Egun horretan badirudi umeek ihes egiten dutela edo gurasoak erabat despistatuta dabiltzala, kontua da ume bat, gero beste bat, biki txiki batzuk… azkenean dozena bat haur galdurik daudela hondartzan. «Haur bat galdu da hondartzan. Haren ardura duena, etor dadila Kabina Zentralera lehenbailehen jasotzera. Horixe zen une oro bozgorailuetatik entzuten zen mezua». Honela hasten da Seve Callejaren gazte nobela hau; eta gertakizunek, ur korronteak eraman bezala, hamaika bizipen ezagutaraziko dizkigute.

Haur eta gaztetxo galduak bakarrik geratzen dira kabina inguruan sorosleak joan ondoren, eta orduan hondartzako bazter batean dagoen gabarroira joateko erabakia hartzen dute. «Hara igotzen bagara, festatik gertuago egongo gara (…) eta hobeto ikusiko dugu itsasontzien etorrera», pentsatzen dute.

Izan ere, piraten lehorreratze jaia gertatzen ari da une horretan kaian eta hondartza ingurua jendez lepo dago. Gainera, «gabarroitik hobeto ikusi ahal izango ditugu gure gurasoak eta haiek gu ere bai, gure bila hasten direnean».

Kontua da gaztetxoak gabarroira igotzen direla eta apur-apurka, nabegatzen ari direlarik, itsasoan barneratzen dira. Ilunduta, korronteak gabarroia Santa Klara uhartera eramaten du poliki-poliki.

Hurrengo egunsentian uharteko leize-zulo baten sarreran esnatzen dira ume galduak, eta han gizontxo beltzaran bat agertuko zaie itsasotik lortutakoarekin gosaria prestatzen.

Horrela abiatzen da Callejaren nobela hau, abentura, gure gizarteko pertsona baztertuak eta adiskidetasuna bezalako kontuez osaturiko puzzle interesgarria. Soinu dugu puzzle horretako pieza nagusienetariko bat, uhartean bakarturik bizi den aitona da Soinu, bizitzan hamaika gorabehera izan ondoren itsasertzeko koba batzuetan bere txokoa aurkitu duen gizona, baztertuta baina hainbatekin harremanetan. Beste piezak, aldiz, galdutako haurrak, horietako lau, hurrengo egunetan berriro adiskidetasuna edo elkarrekiko sinpatiak eraginda elkartuko direnak eta Soinurekin harremanak izango dituztenak, bai eta beren arteko sentimenduak indartu ere.

Eta azken pieza Felix da, Urkoren, galdutako ume horietako baten, laguna. «Mutiko lotsati bat zen, baina oso irudimentsua, ikastetxera joateari utzi ziona. Joaten zen, bai, baina ia inoiz ez zen gelan sartzen, gelakide batzuek bizimodua mingosten eta ezinezko bihurritzen ziotelako, eta beldurra zielako».

Seve Callejak pieza horiek konbinatuz, erlazionatuz, beraien arteko harremanak eta parekotasunak erabiliz, abentura baina batez ere pertsonen arteko harremanei buruzko nobela atsegina idatzi du. Entretenigarria, erraz irakurtzen dena eta une ona igaroaraziko diguna.

Bainaren bat bilatuz gertakari batzuen sinesgarritasuna dugu aipagarri; galdutako umeek gaua uhartean pasatu ondorengoa, edo oporretan dauden batzuen artean ordutegiak, astia eta elkarrekin egoteko aukerak nola gertatzen diren… baina idazleak nolabaiteko irtenbidea ematen edo besterik gabeko egoera moduan planteatzen ditu horiek, eta egia esan horrek ez dio irakurketari kalterik egiten.

Izan ere, horiek baino garrantzitsuagoak dira Felixi dauzkan arazoak eta zailtasunak gainditzeko Soinuk emandako aholku eta laguntzak, edo gazte kuadrillako kideak bizitako guztia abuztuaren bigarren hamabostaldiko egun horietan, abentura eta sekretuetan.