Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kuotak … antxoetan!

Han-hemenka dira egunotan itunak, aliantzak, ezbaian. Izan ere, aliatu izan nahi direnen esku eta, horren gainean, buru zabaltasuna da itunaren berme bakarra. Bestela akabo! Are gehiago, ituna erakargarria izango bada, hasierako aliatuetatik haragoko pertsonei eman behar die sarbidea, aliatuen hasierako eskema eratzailea bera egokitu behar bada ere. Azken batez, itunak dinamikoak dira edo estatikoak, azken honetan funtzioa galtzen dutela. Ituna iluna. Nahikoa gauza dira jada museoen politika-aretoetan itunak ere bertan eskegita amaitzeko.

Bada bai, aliatuak alaituak ez badira, «ituna» hitzak hiztegiaren bere beste adiera hartzen du, tristea adieraztearena. Akabo, orduan ere! Tira, kuotak ondo ikusten ditut… antxoan, kasurako; azken batez zaindu, jagon, egin behar baita denboran itsasoaren ondare naturaz mugatua. Baina oso gaitz egiten zait kuoten eskema itun sozio-politikoen uretara eramatea, honetan pertsonen gaitasuna ez baita naturaz mugatua. Tristea litzateke oso, iraganean legez geroan ere kuotak mantentzea, portzentajeak eta guzti, aliatuen arteko nolabaiteko kupoa bailiran. Kontua da, geroa diferente gura dugula egin! Mon Dieu!

E? Ez, ez, ez nago EH Bilduko itunaz, Pariseko Klima Itunaz nago, kuotak biotan egonda ere. Ez dakit beroketa globalaren ondorioa ote dudan, baina aliatu batzuen jarrera ikusita nire odolak su gabe diraki. Eta ez bakarrik aliatu izateari utzi berri dionarena, izaten segitzen duten besteon jarrera kontenplatiboa ere. «Akatsa da!», esan diete hauek beste hari. «Ikatza da!», erantzun die besteak, ekonomiak ekonomia.

Bada bai, gauzak aldatzen ari dira. Gure goiko Estatuan En Marche! ituna jarri dute bidean, berritzailea delakoan. Bai zera! Gurean denbora dela izan genuen «Abian!». Dena dela, kontua ez da bidea abiatzea, zabaltzen joatea baino, jator.