Jon LEUNDA
Sega

Aian argituko da nor arituko den Gipuzkoako finalean

Arazo fisikoak direla medio, aurten Igor Esnaolak ezingo du parte hartu.

Nazioarteko erarekin abiatu zen segako denboraldia, eta bihar, berriz, era tradizionaleko aurreneko saioa izango da. Aiako hilerriaren ondoko belardietan jokatuko da Gipuzkoako kanporaketa. Bi txandatan banatuta lehiatuko dira.  

11.30ean jokatuko da aurreneko kanporaketa, eta bertan Suharri Irazustabarrena, Jon Otegi, Iban Pardo eta Jexuxmari Ormaetxea lehiatuko dira. Horiek euren lanak bukatu, eta pisatu beharreko belar guztiak pisatu ostean jokatuko da bigarren kanporaketa, eta bertan, Jokin Etxeberria, Julen Gabirondo, Iñigo Merkader eta Lander Otermin lehiatuko dira. Saio bakoitzean ordu erdiko lana izango dute. Multzo bakoitzean belar kilorik gehien ebakitzen duten aurreneko biek lortuko dute finalean sartzea.

Aurtengo hutsune nagusia Igor Esnaola izango da. Legorretakoa parte hartzekoa zen, baina arazo fisikoekin dabil, eta aurtengo denboraldia bertan behera uztera behartu dute. Orain aurreneko helburua ongi jartzea izango da.

Berrien artean, Jon Otegi eta Lander Otermin agertzen dira. Aurrenekoa ezaguna da sega munduan, nahiz eta oraindik oso gaztea den. Nazioarteko eran aspalditxoan dabil. Otermin kirol honetan erabat ezezaguna izango da.

Apustua

Ikusmin ikaragarria piztu duen apustua jokatuko da gaur Zegaman, Murgizelai baserriko belardietan, 18.00etan. Bertan, Joxemari Arakama eta Joxetxo Atin lehiatuko dira. Lana ez dute txantxetakoa hartu; izan ere, bakoitzak launa 60 ontzako erdibitu beharko ditu hasteko, eta gero ordubete amaitu arte segan egin beharko dute. Kilorik gehien ebakitzen duenak lortuko du garaipena.

Enborrak Arakamak plazaratuko ditu, eta alde bakoitzak 500 euro jartzen ditu dirutan. Ikusmina handia dago, Goierri inguruan ezagunak baitira biak. Azken urte hauetan Atin segan ari da nazioarteko eran, eta askorentzat ezaguna egingo da. Hala ere, ez dirudi faborito garbirik dagoenik, eta bakoitzak bestea jotzen du faboritotzat.

Aizkora eta sega uztartu behar dituzten honetan, aizkorako lanak garrantzi handia izango du. Hor aldea lortzen duenak saioa irabazteko aukera asko izango ditu segarako tarte gehiago izango baitu, baina aldi berean aizkoratik erabat jota ez ateratzea garrantzitsua izango da segan ongi aritzeko.