Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

11 hitz, hamaika bide!

Gizarte likidoak ei dira gaurkoak han-hemen, inondik ere. Hala esaten dute adituek, nahiz eta aditu batzuk arituak izan ez. Baina tira! gizarte likidoak, aldakorrak, eliptikoak, jarreretan aurreikusten zailak… normala, beraz, gaur galdera gehiago izatea erantzunak baino. Horra atzo Bilbon egindako galdera ikurra. Ondo baino hobeto esanda «egindakoa», izan ere egin-egin zen, ukondoz ukondo milaka gorputzez egin ere, eta ez, oraingoan sikiera, tradizioari jarraituz, ahoz. Hortaz, galdera ikurra izan zen plazaratu zena, bi plazatara gainera, Eliptikora eta Euskadira. Batean ikurraren burua, bestean puntua jarrita. Hain da inportantea puntua jartzea! Bertsolarien atzekoz aurrerako bidea gogoan.

Atzoko galdera ikurraren ostean galdera bera etorri behar da, eta erantzunak gero, eta erabakia beranduago… bidea bide, erantzunik gabeko galderak eta erabakirik gabeko erantzunak haizeak eroaten ditu-eta; ez dakit nora baina eroan, haizeak. Total, hemen galdera ikurrean plazan ari garen bitartean Katalunian galdera hartu dute jada hautetsontzian ikur. Eta hor doaz, aurrera, errepublika izan nahian… galdera eta eguna behingoz finkatuta. Eta gerokoak geroko. Azken finean, bideak mugarriak behar ditu, horietara mugatu ezin bada ere.

Hamaika hitzek gorpuzten dute katalanen galdera, 11k bai. Eta bi galdera ikur, aurrekoa eta atzekoa. Euskaldunok, unea helduta, lan gutxiago izango dugu, azkeneko ikurra baino ez baitugu erabiltzen, eta gainera hori atzo jarri genuen plazotan; aurreko guztia falta zaigu. Ulertzekoa da hainbeste denbora hartu izana hamaika hitzeko esaera osatzeko, bat ere ez dagoelako hor sobera… aldarrikapen askoan ez bezala! Inbidia osasuntsu eta bizigarriz nago ekialde horretara begira, ditxosozko innobazioa, soziopolitikan behintzat, handiko haizeak dakarrelako…