GARA
IRUÑEA

Txistularien Alardeak kontrabandoari buruzko istorioak ekarriko ditu gogora

Ipar Euskal Herriko eta Baztan eta Bidaso arteko inguruneko kontrabandoarekin lotutako pasadizoak izango dira sanferminetako Txistularien Alardearen 58. edizioko protagonistak, uztailaren 9an, igandez, San Jose plazan, 13.00etik aurrera. Datorren asteazkenean alarde txikia egingo da, Nafarroako musika eskoletako ikasleen, Mendigoitikoen eta Sarrigurengo Joaquin Lizarragakoen parte hartzearekin.

Berrogeita hamabost musikari inguru izango dira agertokian datorren uztailaren 9ko hitzorduan. Musika programaren barruan lan berriak egongo dira, kontzertuaren egunean bertan estreinatuko direnak. Euskal Herriko egileei enkargatu zaie lan horiek konposatzea, hartara tokiko egile gazteen lana hedatzeko helburua betez. Besteak beste, ikuskizunean egile hauen lanak entzungo dira: Aitor Urquiza, Ivan Carmona, Joaquin Lekunberri, Iñigo Casali eta Garazi Zabaleta. Euskal folklorearen ohiko beste kanta batzuekin osatuko da programa, hala nola “Arizkungo sagar dantza” eta “Ilunabarra”, zeintzuk egun horretarako egokituko baitira.

Gerra zibilaren ondoren Pirinioetako mugaren bi aldeetan zeuden errealitateak arras ezberdinak zirela gogora ekarriko du ikuskizunak. Nafar aldean eskasia zen nagusi, eta horrek baliabide-trukeari bide eman zion, izan oinarrizko elikagaiak, izan tabakoa eta lurrinak. Kontrabando-mugimendu gehien izan zituzten herriak, besteak beste, Lesaka, Baztan, Elizondo, Amaiur eta Etxalar izan ziren. Ekimen honen bultzatzaileen arabera, gai hori beti isilpean mantendu da, tabua izan da, nahiz eta oso jarduera hedatua izan. Halaber, Iruñeko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, kontrabandisten bizitza ez zen batere erraza izan, gaiari buruzko hainbat eleberrik kontrako ezaugarriak aipatu izan badituzte ere. Sufrimendu, beldur eta isiltasunezko bizitzak izan ziren haienak, eta anekdota ugari gertatu ziren horien inguruan.

Alardea, 1959az geroztik

Txistularien Alardea 1959az geroztik egiten da Iruñean, eta horrek programako ekitaldirik zaharrenetako bat bihurtu du. Izan ere, txistua eta hiriko festak sanferminen sorreratik bertatik elkartuta daude. Dokumentatuta dago XIV. mendean, ezagutzen diren lehen San Fermin festetan, txistua egon bazegoela. Orduz geroztik zenbatezinak dira festetan parte hartu zuten ttunttuneroen testigantzak, gaur egunera arte mantentzen den tradizioa. Alardeen azken edizioetan ia 4.000 ikusle izan dira. Txistuaren lan ildo berriak aurkeztu nahi dira proiektu honen bidez, txistuaren irudi modernoa eta malgua erabilita.

Alarde txikia asteazkenean

Aurten, alarde txiki bat ere antolatuta da. Datorren asteazkenean izango da, 19.30ean, Udaletxe plazan. Nafarroako musika eskoletako ikasleek parte hartuko dute bertan, Iruñeko Mendigoiti institutu publikoko 4. eta 5. mailetako ikasleekin eta Sarrigurengo Joakin Lizarraga IPkoekin batera.

Aitor Urquizaren zuzendaritzapean, txistularien errepertorio tradizionaleko lanak joko dituzte, Europako Musika Egunarekin batera, zeina ekainaren 21ean bertan ospatzen baiten, eta udako solstizioarekin batera egingo den.

Datorren asteazkeneko ikuskizunaren izenburua “Orain arte belar, hemendik aurrera gari” izango da, Urdiaingo emakumeek San Joan gauean egiten duten araoa, ama lurra esnatu eta etorkizun oparo bat izateko asmoarekin.