Jon LEUNDA
Sega

Gabirondo II.a eta Otamendi izan dira Ligako bi onenak

Goenagak eta Otamendi berak irabazi dituzte azkeneko jardunaldiko saioak.

Gabirondo II.a, mutiletan, eta Otamendi, nesketan, izan dira Euskal Herriko Ligako irabazleak. Herenegun jokatu zen azkeneko jardunaldia, eta txapeldun berriak ezagutu ahal izan ziren.

Mutiletan gauzak nahikoa bideratuta zeuden, izan ere, alde nabarmena zeukan alde Gabirondok, eta garbi zegoen azken jardunaldian oso lan txarren bat egiten ez baldin bazuen, txapela beretzat izango zela, eta horrelaxe izan zen. Ez zuen azkeneko jardunaldia irabazi, hori Jexuxmari Goenagak irabazi zuen, baina egin beharrekoa bete zuen eta Gabirondok txapela jantzi ahal izan zuen amaieran.

Nesketan emozio askoz ere handiagoa zegoen, izan ere, sailkapeneko lehendabiziko postuan berdinduta baitzeuden Alaitz Imaz eta Ainara Otamendi. Ondorioz, neurketa hori final baten parekoa zen, bietan irabazten zuenak eramango baitzuen txapela. Bada, Ainara Otamendi izan zen bietan onena.

Azkeneko jardunaldia Otamendi berak irabazi zuen, eta baita horrekin batera Liga ere. Aurreneko jardunaldia Etxaburuak irabazi zuen, baina ondorengo probetan ezin izan du aritu, eta borroka ona izan dute Imazek eta Otamendik. Azken horrek irabazi du Euskal Herriko Liga, baina emozioak azkeneko unera bitartean iraun du.

Europako Txapelketa

Abuztuan jokatuko da Europako Txapelketa eta Liga honetako emaitzen ostean jakin behar zen zeintzuk osatuko zuten Euskal Herriko selekzioa, eta, Liga amaitu denez, erabakita dago zein kirolarik hartuko duten parte Suitzan Euskal Herriko selekzioa ordezkatuz.

Gizonezkoetan, Gabirondo II.a, Otegi, Irazustabarrena, Lizartza, Urkola, Ibabe eta Urrutia joango dira. 30 urtez gorakoetan, berriz, Altzo, Mitxelena eta Goenaga izango dira joango direnak. Emakumezkoetan, Otamendi, Astondoa, Imaz eta Garmendia izango dira, eta, 30 urtez goikoetan, Mazkiaran.

Gaztetxoak ere lehiatu dira Liga honetan, eta mutiletan Arkaitz Gabirondo eta Amaiur Arrospide izango dira Europako Txapelketan, eta, nesketan, Amets Otegi. Amaitu berri den Euskal Herriko Ligan, Gabirondo, mutiletan eta Garmendia, nesketan, izan dira irabazleak. Mutilen kasuan, helduen mailako eta gaztetxoen mailako irabazleak lehengusuak dira.

Bestetik, Gipuzkoako Federazioak antolatzen duen Gipuzkoako azkartasuneko finala datorren igandean jokatuko da Zizurkilen, Nekola baserriko belardietan, 18.00etan hasita. Euskal Herriko Ligan aritu direnetako batzuk han ere arituko dira lanean.