Faboritoek ez dute barkatu
Barberena anaiek, mutiletan, eta Ontsalok eta Astiazaranek, nesketan, irabazi zuten Nafarroako txapela.

Ezusterik ez zen izan atzo Iruñeko Foruen plazan jokatu ziren Nafarroako trontzalarien bi finaletan. Mutiletan Barberena anaiak gailendu ziren, eta nesketan, berriz, Ontsalo eta Astiazaran, eta bai batzuek bai besteek oso erraz irabazi zuten.
Mutiletan, bikote bakoitzak 14 epai eman behar izan zizkion etzaniko kana-erdiko enborrari, eta zutikako tamaina bereko enborrari, berriz, lau epai. Barberena anaiak ziren irabazteko faboritoak, eta airean eraman zuten finala, oso garaipen erosoa lortuz. 7 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten lana burutzeko.
Emozioa bigarren posturako izan zen, amaieran segundo bakar batean sartu baitziren bigarrena eta hirugarrena, eta ezustea ere izan zen, Berruezok eta Oteizak lortu baitzuten postu hori, lanak 9 minutu eta 18 segundoan amaituz. Segundo bat gehiago behar izan zuten Kañamares III.ak eta Eugik. Laugarren postua izan zen Oier eta Imanol Kañamaresentzat (10.36) eta bosgarren Maiza eta Cano (13.28) sailkatu ziren.
Azkeneko egunak bikainak izan dira Ontsalorentzat eta Astiazaranentzat. Joan den igandean emakumezkoen Euskal Herriko txapela irabazi zuten, eta atzo, Nafarroakoa. Atzo aurkariei ez zieten aukerarik eman. 45 ontzako enborrari 10 epai emateko 3 minutu eta 47 segundo behar izan zituzten. Minutu batetik gora atera zieten bigarren sailkatu ziren Iraizoz ahizpei, hauek 4 minutu eta 46 segundo behar izan baitzituzten euren eginbeharrak burutzeko. Atzetik Sorrondo eta Garcia (5.36), Izkue eta Biurrun (6.45) eta Rodriguez eta Etxeberria (6.49) sailkatu ziren.
Egur kontuekin jarraituko dute gaur ere Iruñean, 12.00etan Foruen plazan jokatuko den bigarren jaialdian, aizkolarien Nafarroako Binakako finala jokatuko baita. Vicente II.a eta Kañamares, Lopez eta Rekondo eta Saralegi eta Larretxea neurtuko dira. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu beharko ditu.
Orga-jokoko finala ere jokatuko da, eta bertan, Zugarrondo, Fernandez eta Lesaka arituko dira. Jaialdia Inaxio Perurenak osatuko du, bere harriekin saio bat egingo baitu.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
