Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Izar irailean ikastolan has dadin martxa antolatu dute

Sara Majarenasi hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna eta zigorra osorik betetzera Donostiara etortzeko eskubidea ukatu dizkiote. Hala, Izarrek Alcobendaseko eskola batean hasi beharko du ikasturtea.

Sara Majarenas preso donostiarraren ama den Kontxi Ibarretak bere alabaren eta biloba Izarren egoeraren berri eman zuen atzo. Goizean bertan jakin zuten hirugarren graduaz eta baldintzapeko askatasunaz gain, zigorra betetzera Donostiara etortzeko eskatu zuen baimena ere ukatu egin diotela.

«Harrera etxe batean bizi direla diote, baina benetan Aranjuezeko espetxearen mende dago eta inposatutako erregimena errespetatu behar dute», esan zuen, eta jarraian azaldu zuen bere alabak eta, ondorioz, Izar ilobak zer-nolako baldintzak dituzten: etxe berean preso dauden beste emakume eta haurrekin bizi dira. Horiek urtean 36 baimen egun dituzte, Majarenasek 6. Besteak lau baimen egun metatzeraino iritsi ahal dira, baina Majarenasek 12 ordu baino ezin ditu egin handik kanpo. Gainera, eguneroko baimena ere murriztua dauka. Denek paseorako lau ordu badituzte ere, donostiarrak hiru baino ez, eta abokatuekin biltzekotan, denbora hori baliatu behar du.

«Abuztuan denak joan egingo dira eta beraiek Madrilen geldituko dira, 40 gradutan eta hiru orduko baimenarekin», aipatu zuen amak. Uztailean, gainera, irteerak egiten dituzte zoora eta igerilekura, eta udalekuak ere egingo dituzte, baina Sara eta Izar etxean gelditu beharko dira. Umeak etxetik kanpo aukera gehiago izateko, Majarenasek haurtzaindegira bidaltzen zuen, baina abuztuan itxi egingo dute.

Ikasturte osoa, etxean

Majarenasek kartzela zigor osoa apirilaren 9an beteko du; hortaz, Donostiara ekartzen ez badute, Izarrek haur eskola irailean Madrilen hasi beharko du, eta ikasturte erdian, Euskal Herrira itzultzen direnean, ikastolara eta lagun berrietara egokitu egin beharko da. Horrela, txikia bere ikaskide guztiekin batera irailaren 7an ikastolan has dadila lortzeko, manifestaziora deitu dute “Izar Sararekin ikastolara!” lelopean, irailaren 3an.