Jose Manuel CASTILLO
DONOSTIAKO PIRATEN

«EZ GAUDE DENOK, ENBATA FALTA DA!» OIHUKA, KAIAN GAINEZKA EGIN DU GIROAK

EUSKALMETEK ENBATA IRAGARRI ZUEN ATZO ARRATSALDEKO HIRURETATIK ZAZPIAK BITARTEAN, ETA PIRATEN ARTEAN ZALANTZAK PIZTU ZITUEN IRAGARPEN HORREK. AZKENEAN, SALBUESPENA EGIN ETA ABORDATZEA KAIAN BERTAN EGITEA ERABAKI ZUTEN.

Bero egiten zuen atzo Donostian, termometroek 30 gradutik gorako tenperaturak markatzen zituzten, Kontxako hondartza, Ondarreta zein Zurriola lepo zeuden. Baina atzokoa egun berezia zen Gipuzkoako hiriburuan, urtero legez, Piratak Donostia abordatzeko prest baitzeuden.

Eguerdirako giro berezia nabari zen Parte Zaharreko kaleetan. Ehunka gazte kuadrilla bazkaltzen zebiltzan taberna kanpoaldeetan, bakoitza bere kamiseta propioa soinean. Piratek herri bazkaria antolatu zuten Trinitate plazan eta bertan bildu ziren dozenaka pirata, abordatzeko indarrak hartzeko.

Enbataren mehatxua

Pirata guztiak bazkaltzen zirela eta baltsak kaiko arrapalan pilaturik zain zeudela iritsi zen albistea: aurten ezingo zuten kaitik atera abordatzera, 15.00etatik 19.00etara iragarritako enbata arriskua zela eta. Nahasmena eta zurrumurruak bolo-bolo zebiltzan Parte Zaharreko kaleetan. Asko Abordatzea bertan behera utzi zutela esatera ere iritsi ziren.

Zoramen honi guztiari aurre egiteko, Piratek euren komunikazio makineria martxan jarri zuten. Sare sozialetan Abordatzea egin egingo zela ziurtatzen zuen mezua hasi ziren zabaltzen, eta kaiko megafoniatik ere lasaitasun mezua barreiatu zuten: «Enbatarekin edo enbatarik gabe, beste urte batez Donostia abordatuko dugu, lasai piratok!». Jende guztia behin informaturik, kuadrillek azken tragoa(k) hartzeari ekin zioten kai aldera gerturatu aurretik. Arratsaldeko lauretarako, abordatzen hasteko ordubete falta zelarik, La Flamenka gunea goraino zegoen. Hortik aurrera, kaiko pasealekuan desfile koloretsua hasi zen: flotagailuekin, mozorroturik, arraunekin… Mangitoak jarri zituenik ere izan zen, eta hori, parte hartzeko igerian jakitea nahitaezkoa izanda ere.

Enbataren arrastorik ez

Parte hartzaile guztiak kaiko arrapala inguruan pilaturik ziren, baina aurtengo gonbidatu bereziaren, enbataren, arrastorik ere ez zen ageri Donostiako zeruan. Hori zen bertaratutakoen arteko elkarrizketa nagusia, «eskerrak, bada, enbata etorri behar zela; bero hau ez dugu berehalakoan kenduko gainetik».

Gogotsu ziren piratak uretan sartu eta bero sapa arintzeko. Boluntarioek lan latza izan zuten arrapalan bildutako jende andanari bostak izan arte eusten. Bitartean, Piraten komunikazio arduradunek parte hartzaileei dei egin zieten, Izar eta Sara Majarenasi agur bat bidaltzeko. Pirata guztiak burrunba batean hasi ziren arraunak, banderak eta flotagailuak altxatuz; ziur Alcobendaseraino iritsi zela kaian bildutako piraten elkartasun oihua.

Behin agurra eta elkartasun osoa helarazita, orduan bai, uretara sartzeko ordua zen. Iragarri bezala, Abordatzea ez zen portutik irtengo eta urpekari zein sorosleek buiak jarri zituzten kai irteeran pirata bihurririk itsaso zabalera atera ez zedin, galerna arriskuak bere hartan jarraitzen baitzuen.

Urtero legez, batzuk abilago izan ziren baltsa eraikitzen eta portuko izarrak bilakatu ziren, arazorik gabe euren ontzietan flotatzen. Beste askok, ordea, eurena ongi ez zebilela eta hondoratzeko arriskua ikusirik, besteak abordatzeari ekin zioten. Aurten hamabost urteko ibilbide luzean lehen aldiz, piratak kai barruan geratu behar izanda, baltsak elkarrengandik asko urruntzeko aukerarik ere ez zen izan, eta sekulako anabasa sortu zen portuko uretan.

Behin pirata guztiak uretan zirelarik, Ezkila kapitainak hartu zuen hitza suziria botatzeko. Aurtengo Abordatzeari beste bitxikeria bat gehitzeko, txupinazoa ez zuten bostetan bota, bost eta erdiak jota baizik, «arazo piroteknikoak» antza. Aurtengo Aste Nagusi Pirata antolatzeko izandako traba guztiak gogora ekarri zituen Ezkila kapitainak eta hamabost urteko ibilbideari arreta jarriz mezu zuzena bidali zuen: «Hamabost urte Donostia pirata dela. Gora piratak kaian!».

Heldu zein gazte goxo-goxo zeuden uretan beroari aurre egiten eta orduan etorri zitzaien antolatzaileei beste erronka gogor bat: pirata guztiak arrapalara erakarri behar zituzten, sartu ziren leku beretik ateratzeko. Lanak izan zituzten kaiko uretatik festa gogoz zen pirata multzo handia hura ateratzeko.

Azkenean, Aquarium parean bildu zituzten baltsa guztiak, eta pirata denak prest zeuden kalejiran La Flamenka gunera abiatzeko. Izan ere, uretako abordatze kontuak amaitu izanagatik ere, festa egun luzea izan zuten pirata askok atzo, Huntza eta Esne Beltza taldeek girotu baitzuten gaua.

Enbata iritsi zen, iluntze aldera, baina jada ez zegoen piratak geldituko zituenik: Donostia abordatua zuten beste behin.