Kalera Kaleraren lore gorria, adostasunerako dei
Estropaden kolore bizien erdian, Kalera Kaleraren lore gorria ernatu da Donostian. Kontxako Banderako besta giroarekin bat egin, eta aldarrikapen bat plazaratu nahi izan du ezker abertzalearen ekimenak: «Premiazkoa da preso, iheslari eta deportatuen auziarentzat irtenbide bat adostea, Euskal Herrian benetako bakea eta bizikidetza lortu ahal izateko». Horretarako prestutasuna azaldu dute manifestazioan parte hartu duten 1.500 bat lagunek.

Eguraldiak barrenean goxo-goxo gelditzera gonbidatu arren, olatu handiei aurre egin zieten atzo traineruek. Ausardia berbera erakusten dute egunero-egunero presoen senide eta lagunek, eritasunak barrote artean sufritzen dituztenek, nahiz eta kondena beteta izan kartzelan segitzen dutenek... Olaia Matxainek Hibaikaren painelu gorria lepoan ohartarazi zuenez, euskal preso, iheslari eta deportatuek, eta haien familiek, sufritzen segitzen dute oraindik, eta «herri honetan ez da benetako bakerik eta elkarbizitzarik izango sufrimenduak jarraitzen duen bitartean».
Adierazpenok egin zituen gazteak, Oihana Garmendia kidearekin batera, Kalera Kaleraren izenean, Donostiako Bulebarretik manifestazioa abiatu aitzinetik. Txalo artean atera ziren, “Kalera Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera” leloa lau haizetara zabalduz, lore gorri batez lagunduta.
1.500 lagun inguruk aldarrikapenez busti zituzten Kontxako Banderaren lehia erabakitzen zen bitartean jaietan ziren kaleak. Giro alai horretan oraindik ehunka deportatu, iheslari eta preso politiko daudela oroitu nahi izan zuten eta, sinbolikoki bada ere, pertsona horiek guziak bertara ekarri zituzten.
Aurreko fasea ixteko beharra
Garmendiak adierazi zuen bezala, martxa honen arrazoia «borroka armatuaren eta bere ondorioen fasea ixteko dagoen beharra da», etorkizuna bakean eta askatasunean eraiki ahal izateko. «Bada garaia gatazkaren ondorioen esparruan arduraz jokatzeko. Gainerakoan, euskal jendartea sufrimendura eta ahanzturara kondenatuko dugu. Guztiok egin behar dugu ekarpena bide horretan eta guztion ardura da bake eta askatasunerako oinarriak finkatzea», nabarmendu zuen.
Herri ekimeneko bozeramaileek erabateko konpromisoa erakutsi zuten gainerako euskal eragile sozial, politiko eta instituzionalekin elkarlanean arituz denen artean bide-orri bat adosteko. Agertu zuten bide-orri horrek balio behar duela aitzineko fasea egoki eta betiko ixteko. Helburu horretan ahalegin zintzoenak egiteko prest agertu ziren mobilizazioan elkartu ziren denetariko herritarrak: familiak haur kotxeei bulkaka, kuadrillak, bikoteak, belaunaldi guzietakoak. Aurpegi ezagunak ere baziren tartean, Arkaitz Rodriguez, Marian Beitialarrangoitia eta Rufi Etxeberria, adibidez.
“Presoak kalera, amnistia osoa”, “Jo ta ke, irabazi arte” eta antzeko oihuak aditzen ziren euriaren, haizearen eta eguzki izpi ahulen jolasean aterkiak ireki eta itxi ari ziren bitartean. Hiriko erdialdeko kaleetan osatutako ibilbidean peto horidun boluntarioak ere ageri ziren, dirua biltzen.
Hala, hiru ordu laurdenen buruan ailegatu ziren Bulebarrera. Ezustean, buruan zihoazenek pankartari buelta eman zioten eta gibeletik heldu zen jendeari begira jarri ziren. Orduan manifestariek borobil bat osatu zuten eta elkarri so “Eusko Gudariak” abestuz eman zuten amaitutzat mobilizazioa. Momentu berezia izan zen, sentimendu aunitz bildu zituen.
300 lagun, aurrekoan
Kalera Kaleraren martxa abiatu baino ordu erdi eskas lehenago, 13.15 aldera, bertze manifestazio bat atera zen leku beretik, Bulebarretik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak deituta.
“Antolakuntza eta borrokaz, amnistia osoa” lelodun pankarta zabaldu zuten bertan, eta 300 bat pertsonak osatu zuten ibilbidea erdialdeko kaleetan barna. Oihu batzuk berberak ziren hemen eta Kalera Kaleraren manifestazioan. Adibidez, “Presoak kalera, amnistia osoa” garrasi egin zuten bietan.
Manifestazio hau Zuloaga plazan bukatu zen. Agiri bat irakurri zuten bertan. Bertan adierazi zuten ez dutela «erresistentziari eta borrokari eusten dion errepresaliatu politiko bakar bat ere bakarrik utziko». Eta erantsi zuten «ezingo dela bakeaz hitz egin» Euskal Herrian ehunka preso eta iheslari dauden bitartean.
Agertu zutenez, elkarbizitzarik ere ezingo da egon «gazte borrokalariak manifestazio batean parte hartzeagatik edo poliziaren muntaia batengatik» espetxeratzen badituzte.

Nueve miembros del equipo rectoral derrotado de EHU, altos cargos del PNV

EH Bildu, con «certidumbre» y «sin ansiedad» hacia una República vasca

«Si hay un acuerdo con el estatus, será porque supone un salto»

Ernai: «Euskal Herrian irabazteko benetako aukerak ditugu»
