Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Donostia eta Bilbo hartu ditu zinema txikien kongresuak

Hiru egunez, Hollywoodeko ereduaz gaindiko zinema molde bat posible dela sinesten dutenen topagune izango da Zinema Txikien Nazioarteko 8. Kongresua. 30 herrialdetako 80 adituk etorkizuneko erronkak finkatu eta sare berriak sortzea izango dute xede.

Bere sortzetik lehenengo aldiz, Euskal Herriak hartuko du zinema txikien nazioarteko kongresua. Proiektua zinema txikiek dituzten erronka berriei aurre egiteko plataforma bat sortzeko xedez abiatu zen 2010ean eta, aurten, EHUk hartu du berau antolatzeko ardura.

Andoni Iturbe ekimenaren kudeatzaileak azaldu duenez, mundu osoko ikertzaileak daude proiektu honen atzean, «azkenean zinema txikien mundua ere plurala baita», eta aurtengo edizioan hizkuntza, kultura, nortasuna eta dibertsitatea izango dituzte hizpide.

«Azkenean denei eragiten diguten aldagaiak dira», esan du Iturbek, eta gehitu du horren adibide dela India, AEB, Txile, Ekuador eta orotara 30 herrialdetik gorako aditu eta ikertzaileak hartuko dituztela Bilbo eta Donostiak. «Horien artean Indiako ikertzaile bat etorri da euskal zinema garaikideaz hitz egitera, ikerketa bat egin duelako», nabarmendu du Iturbek.

Purna Chouditurik gaur eskainiko du “Contemporary Basque Cinema: Going Glocal” hitzaldia, 9.30ean, Bilboko Esperientzia Geletan. «Euskal zinema nola joan den hasten ikertu du, nazioarteko zinemetan ere gero eta erantzun hobea duelako euskaraz egindako zinemak».

Hizkuntzaren arloan, itzulpengintza eta azpitituluen gaiak ere jorratuko dituzte eta hizkuntza gutxituak, nortasuna eta genero ikuspegia ere izango dute hizpide. Horien artean, Iratxe Fresneda ikertzaile eta GARAko kolaboratzaileak gidatuta, Fang Qi, Arantza Esteban eta Anderson de Souza Alves bateratuko dituen mahai-ingurua izango da gaur, 9.30ean. Saioak irekiak dira.

Zinema txikien inguruan asko hitz egiten dela uste du Iturbek. «Hollywoodeko zinemaz harago badaude hizkuntza ez hegemonikoen zinema, merkatu txikiagoak, zinema independentea, ertzetan dabilena... nahiko kontzeptu zabala da zinema txikiena, oraindik bere burua birdefinitzen dabilena», azaldu du, eta kongresuaren erronketako bat bestelako zinema eredu horiek aurrera egiteko bideak aztertzea da.

«Kongresu honetan ez gara guzti hori ikuspuntu teoriko batetik aztertzera mugatuko; hausnarketa bat egin nahi dugu gaur egungo ereduetatik abiatuta, zinema txikien etorkizunari begira ze gauza komun eta ze erronka ditugun ikusteko», zehaztu du.