GARA
OÑATI

Gainerakoena baino asteburu luzeagoa izango du Oñatik

Gaur, bihar, etzi… eta etzidamu, oñatiarrek astelehena ere jai baitute! Astearteko ajeak alde batera utzita, bihar Herri Eguna dute, lehen sektorearekin lotura handia duena: ganadua, sagardoa, artisautza… baserritarrez jantzita. Theos Foc konpainiak txinpartaz beteko du herria igandean eta karroza eta mozorroek, kolorez azken eguna.

Kalean igarotzeko eguna da biharkoa Oñatin. Baserritarrez jantzi, kuadrillan elkartu eta Herri Egunak prestatuak dituen ekimenez gozatu. Lehen sektoreari keinu berezia egiten zaio festen egun honetan: ganadu erakusketa, lurrean landutako produktuak eta artisautza, besteak beste. Gure geografiako hainbat herritan egiten den Euskal Jaien antza duela dio German Meabebasterretxea Udaleko Kultura zuzendariak. Azaldu duenez, programak urtez urte ez du aldaketarik izaten, baina arrakastatsua da oso eta egun jendetsuenetakoa da: «Harrera oso ona du, denek parte hartzen duten egun horietakoa da».

Dianak esnatzen ditu nagiak lehendabizi, azokak 10.30ean ateak ireki aurretik. Frutak, gaztak, barazkiak, eta ganadu erakusketa nahiz lehiaketa. Gure produktuak ikusteaz aparte, dastatzeko aukera ere badago, eta dagoeneko badira hogeita hamaika urte sagardo dastaketa egiten dela. Guztiak Gipuzkoako ekoizleak dira, sagardogile profesionalak, beren kabuz egiten dutenak, eta ezaugarri ezberdinak dituztenak. Ez da lehiaketa, dastatze-saioa baizik. Jai giroa musikaz hornitzen dute trikitixek eta txistulariek, Tolosako gaita-jotzaileekin batera.

Batzeko eguna izanik, elkarrekin bazkaltzeko eguna ere bada. 14.30ean herri bazkaria egingo da polikiroldegian eta arratsaldean, berriz, herri-kirolak izango dira, profesional zein zaleen parte hartzearekin, gainera. Oñatiar gazteen txanda izango da lehendabizi, eta profesionalena ondoren, 18.00etan. Batzuk zein besteak herriko plazan arituko dira. Eguraldi kaskarra eginez gero, polikiroldegian arituko dira.

Eguna musikak itxiko du. Sarek deituta, presoen eskubideen alde osatuko den mosaikoaren ostean, 20.00etan, Trikizioaren eskutik erromeria egongo da plazan, eta ondoren, Autobus Magikoa, Sua eta Zopilotes Txirriaus taldeen kontzertuak txosnetan.

Errosaixo eta Bixamona

Azken txanpa hartuko dute igandean, Errosaixo egunarekin batera. Goizean zehar 12 urte arteko umeentzat jolasak eta tailerrak, lehiaketak, tirolina… eta egun osoan zehar txorimalo edo buruhandi eta erraldoiak egongo dira ikusgai plazan. Udaletxetik azaldu dutenez, beraiekin argazkiak egiteko aukera egongo da.

Ohiko Mikel Deunaren Pilota Txapelketa ere ez da faltako. Aloña Mendik antolatzen du, hain justu aurten 50 urte bete dituen kirol elkarteak. 17.00etan polikiroldegiko frontoian jokatuko dira txapelketako finalak.

Bertsolaritza, kontzertuak eta paella prestaketa… zerrenda luzea da egitaraua; deigarria Castellotik Oñatira bertaratuko den Theos Foc konpainia. Su ikuskizun ibiltaria, oso ikusgarria. Bi modutara hurbildu daiteke jendea: ikustera edo bertan parte hartzera. Erabiltzen den materialagatik, barru-barrutik bizitzeko asmoa duenari arropa zaharrarekin gerturatzea gomendatzen zaio, eta buruan txapelen bat jartzea, ondo babestua joateko. Halako ikuskizunek tradizio handia dute Valentzia nahiz Katalunian eta jende andana elkartzen dute.

Azken traka mozorroez lagunduta ailegatuko da, astelehenean. Gainerakoentzat lanegun arrunta den bitartean, Errosaixo Bixamonak zeresana emango du oraindik Oñatin. Egun xume baina berezia herrian: karrozak egiten dituzte kuadrillek eta parranda itzela egoten da. Karrozei dagokienez, ohar bat: Agustinoen inguruan lekua bat atonduko da horiek bertan utzi ahal izateko.

17.00etako sokamuturraren harira ere Udalak argibideak eman ditu. Gogorarazi duenez, 16 urtetik beherako gaztetxoek debekatuta dute parte hartzea eta ez du erantzungo gerta daitezkeen ezbeharren aurrean.

Trakets-ek jarriko dio musika azken gauari. Dantza egitea bakoitzaren esku geldituko da, soltean, helduta… hurrengo egunean lanera joan aurretik.

Trafikoan aldaketak egongo dira jaiek iraun bitartean

Festak direla-eta, trafikoak aldaketak izango ditu. Udalak azaldu duenez, Unibertsitate etorbidea itxita egongo da urriaren 3ra arte, Aker taberna paretik errotondaraino. Era berean, bihar kiroldegi aurrealdeko aparkalekua itxita egongo da auto partikularrentzat (anbulantzia eta catering zerbitzuko ibilgailuentzat gordeko da). Errosaixo egunean, berriz, Errementari plaza pareko aparkalekuetan ezingo da autorik utzi.

Ikuskizun pirotekniko ibiltaria Postetxe paretik abiatuko da plazaraino. Trafikoa ibilbide osoan zehar itxita egongo da eta Postetxetik errotondarainoko tartea ikuskizuna igaro ondoren irekiko da. «Bitartean, Lizaur kaletik doazen ibilgailuek Ibarra kalera desbideratu beharko dute derrigorrez», eskatu du Udalak.

Herribusak ere aldaketak izango ditu egunotan. Gaur, bihar eta urriaren 2an, alegia, festen azken egunean, ez da zerbitzurik egongo. GARA