Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Pikua bihotzean

Lizardi saria lortu duen ipuin honetara hurbiltzen denak Leire Bilbaoren poetikotasuna eta Maite Mutuberriaren irudien erakarpenarekin egingo du topo hasieratik bertatik. Irudietan, azalekotik bertatik hasita, hutsunearekin jolasten du egileak; gabeziarekin, irudia osatzeko falta den gizakiarenarekin hain zuzen, eta koloreen kontrastearekin. Hitzetan, aldiz, lehen kapituluak adieraz dezake liburuaren tonua eta indarra: «Ez zela jaitsiko esan zuen Lukasek. Ez zela jaitsiko pikondotik».

Hogei kapitulu laburretan (laburrena arestian jarri dugun lehenengoa!) egituratuta dago ipuin hau; gerra garaian (aurretik eta ondoren ere bai) girotutako kontakizun honen narratzailea neskato bat dugu, Martina, eta bere begirada garbiarekin –eta inozentearekin– ezagutuko dugu osaba Lukasen istorioa, osabarena eta herritik kanpo dagoen etxean bizi diren guztiona.

Osaba pikondoan egoten da egun osoan, eta hasieran gauetan etxera bueltatzen bada lotara, istorioak aurrera egin ahala, gertakariak konplikatu ahala, osabak gauetan ere zuhaitzean geratzea erabakiko du, harik eta zuhaitzarekin bat egiten duen arte.

Garbi dago osaba Lukas ez dela bestelakoak bezalakoa, txitxarra izan zitekeen inurrien lurraldean, edo Italo Calvinoren Cosimo, edo desio materialak alde batera uzten dituen edozein pertsonaia. Osabak gerrara joateari uko egingo dio, nahiz eta horrek bere burua arriskuan jarri; eta gogoa gorputza baino gehiago elikatzen duela ematen du. Lukas irakurle amorratua da eta pikondora Tolstoi edo Dostoievski, adibidez, igotzen dira herriko maisuari esker.

Martina bera ere aldatzen joaten da; aita gerrara eraman dute, amona, ama eta bera bakarrik daude osabarekin. Eta honen jokabidearen aurrean neskatoa da konplize eta lagun bakarra: «Osabaren adarrean eseri nintzen. Gertu-gertu, hankak erdi zintzilik. Bere altzoan eseri nintzen, txikitan bezala. Besotik heldu nion estu, txeratsu. Eta kontu eta kantu eman genuen arratsa, eguzkia bere etxera sartzen ikusi genuen arte. Eguzkia joan da / bere amagana. / Laster etorriko da / denbora ona bada».

Testuaren poetikotasuna aipatu izan dugu lehen eta, hain zuzen, horixe da, argumentuarekin batera, istorioak harrapatuta geratzeko arrazoietako bat («Bakea irribarre batekin hasten da»).

Irakurleak gertakariak aurrera egin ahala, Martinarekin batera, etxean, zuhaitzean, gizartean gertatzen diren aldaketak ikusi eta sentituko ditu, errekako ur emariak eramanda bezala. Bidaia horretan, baina, badira gabeziak eta hutsuneak ere, irakurleak bete beharko dituenak: «Hurrengo astean maisua ez zen agertu. Ezta segidako asteetan ere. Eta haren faltarekin, aitaren gutunen falta».

Pikondoaren balada hau ez da istorio alaia, ezta tristea ere… izatekotan hunkigarria dela esango nuke. Irakurlearen bihotzeraino iristen den istorioa. Pikondoa pertsonifikatu egiten da zenbaitetan («Pikondoari gustatu zaio zure besarkada, Martina, hemendik aurrera gehiagotan besarkatu beharko duzu»), baina baita pertsonak pikondo bilakatu, bihotza piku.