Istripu larriak Hawaiin: Dusty Payne hilzorian Pipelinen
Neguko itsaski sendoen garaia da Hawaiin, eta ondorioz, baita istripu larriena ere. Azken egunetan bi pertsona ezagunek izan dute ezbehar esanguratsu bat Oahu uhartean; Dusty Payne-k, Pipelinen, eta Pat Caldwell bodyboard zaleak, Sandy Beachen.

Surfean izaten diren istripu larri gehienak hasiberrien artean gertatzen dira, gutxieneko maila baduen surflariak kolpeak nola ekidin behar dituen ere ikasten baitu. Badira, ordea, arriskutsuak direlako ezagun diren urautsiak eta kasu horietan min hartzen duten surflariak sarri ezagunak izaten dira, edonork surf egiteko lekuak ez direnez, bertan surf egiten dutenak gutxi batzuk baino ez baitira izaten.
Pipelineko urautsiaren kasuan, jende asko pilatzen da eremu labur batean eta bertan surf egiten dutenek maila handia izaten dute. Sakonera txikia, korala eta olatu oso indartsuak; istripu larri bat izateko osagai guztiak ditu Pipelinek, baina agian horregatik hautatzen dute urautsi hori surflari on askok bizitzako momenturen batean beren burua proban jartzeko.
Urtero izaten dira istripuak negu sasoian Hawaiin, baina istripu larrienek soilik izaten dute oihartzuna hedabideetan edo surf aldizkarietan. Korronte indartsuek harrapatuta atera ezinik geratzen diren surflarien erreskateak ere ohikoak dira, baina kasu honetan ere, askoz ere gehiago dira hasiberriei laguntzeko egiten diren erreskateak, muturreko egoeretan dabiltzan surflariak erreskatatzeko egiten direnak baino.
Dusty Payne hilzorian
Surflari hawaiiarra bizia galtzeko zorian izan zen joan den astean, olatu batean erori ostean jaso zuen kolpe baten ondorioz. Hawaiiko Oahu uhartearen iparraldean dagoen Pipelineko urautsi ezagunean gertatu zen istripua, zehazki Bacdoor eskuin olatuan. Bi metro baino ez zituen olatu batean erori eta desagertu zen surflaria, eta konortea galduta topatu zuten zenbait olaturen buruan.
Momentu hartan uretan zegoen argazkilari Keoki Saguiboren esanetan, litekeena da Paynek hondoan den koralezko arrezifea buruarekin jo izana. Konortea galduta bost olatu egin zituen urpean eta, bere taula gainazalean agertu bazen ere, bere gorputzaren arrastorik ez zela ohartu ziren inguruan ziren surflari eta lagunak.
Daguibo bera izan zen Payneren bila igeri abiatu zen lehena. Paynek ez zuen erantzuten eta argazkilariak laguna lepotik hartu behar izan zuen gainazalera ateratzeko. Laguntza eskatu eta beste surflari batzuk gerturatu ziren; horrela, haietako bat Payneren bizkarra zuzen mantentzen saiatu zen. Minutu gutxiren buruan agertu ziren sorosleak, baina Payne oraindik korderik gabe aurkitzen zen. Hondartzara atera zutenean Payneren gorpua egonkortu ahal izan zuten eta berriz ere arnasa hartzen hasi zen Mauiko surflaria.
Kopeta irekita eta masailezurra birrinduta zituela eraman zuten Honoluluko Queen’s Medical Center ospitalera larrialdi zerbitzuetako kideek, eta han konortea berreskuratu ahal izan zuen 29 urteko surflariak. Itotzeko zorian izan zen arren eta hartu zuen kolpea gogorra izan bazen ere, Payne sendatzeko moduan aurkitzen dela azaldu zuten medikuek eta surflariak duen sasoi onari esker egun gutxiren buruan osatuko dela gaineratu zuten.
Keoki Saguibo Pipelinen izandako esperientziaz mintzatu zen eta honakoa esan zuen: «Askoz ere okerragoa izan zitekeen; zorte handia izan du gure lagunak. Surflari guztiek dakite norbait oihu egiten entzuten badute zerbait ez doala behar bezala; horregatik kontent naiz laguntza eske egin nituen oihuak entzun eta berehala zenbait surflari gerturatu zirelako. Zinez erantzun bikaina izan zen. Orain Dusty lehenbailehen ongi jartzea bakarrik falta da».
Pipeline madarikatua
Pipelineko urautsia munduko istripu larri gehien izaten dituen urautsia da. 1989ko martxoaren 25ean Andy Chuda surflari kaliforniarra hil zenetik gaur arte 13 heriotza zenbatu dira Pipelinen. Horrez gain, bertan izandako istripu larrien zerrenda amaigabea da. Arrazoi horregatik Pipelineko sorosleak punta-puntakoak dira eta itzelezko prestigioa dute mundu osoko surflari eta salbamendu taldeen artean.
Iazko urtarrilean, esaterako, Pipelineko Dahui Bacdoor Shootout txapelketa egiten ari zirela Kalani Chapman lehiakideak konortea galdu zuen lehiatzen ari zen bitartean. Antza, olatu batek hondoaren kontra bota eta horren kontra jasotako kolpea zela-eta galdu zuen kordea. Zorionez txapelketarako bereziki ekarri zituzten uretako motorrekin zebiltzan sorosleak inguruan eta ahal bezain laster gerturatu ziren bere bila. Horri esker onik atera zen surflari hawaiiarra, baina berak ere hala aitortu zuen: «Berriz jaio naiz».
Hain zuzen ere, duela hilabete Dusty Payn bera izan zen Pipeline Masters txapelketa ospetsuan parte hartu ahal izateko aurrez egiten den Pipeline Invitational lehiaketa irabazi zuen surflaria. Duela bi urte lehen mailan lehiatzen jardun zen WSL zirkuituan.
Pat Caldwell Oahun
Payne ez da azkenaldian Oahu uharteko olatu artean zebilela istripua izan duen bakarra. Pat Caldwell bodyboard zale mitikoak ere istripu larria izan zuen joan den astean Sandy Beach hondartzan; hain zuzen ere, 1978. urtean bere lehen garaipen esanguratsua eskuratu zuen leku berean.
Olatuaren gandorrak itzelezko kolpea eman ostean sorosleek atera behar izan zuten bodyboard zalea uretatik eta han oxigenoa eman zioten bere onera etortzeko. Klabikula eta eskuin saihetsak hautsi eta giharretako zauriak izan zituen.
Ezbeharra nola gertatu zen Caldwellek berak kontatu zuen: «Ia hondar gainean nengoenean jo ninduen gandorrak. Oso sakonera txikia zegoen eta inpaktuak airean bota ninduen; horrela, eskuin sorbaldarekin lur hartu nuenean mina sentitu nuen eta arnasa hartu ezinik geratu nintzen».
Itzelezko kolpea jaso zuen arren eta klabikula puskatu duen lehen aldia ez izan arren, medikuen iritziz, ez da beharrezkoa izango ebakuntza egitea eta berandu baino lehen berriz ere itsasoratzeko moduan egongo da bodyboard zale mitikoa.
Caldwellek 55 urte ditu egun, eta zazpi urte zituenetik bizi da Hawaiin. 80 eta 90eko hamarkadetan goi mailan lehian aritu zen eta ezagun egin zen mundu osoan. Mike Stewartekin batera bodyboard munduan itzal handia izan duen pertsona da. Ariketa berritzaileak egiten hasi eta ordura arte inoiz ikusi ez ziren gauzak egiten hasi ziren bi bodyboard zale hauek. Ordutik kirol honen aitzindari gisa ezagunak dira.
Istripuak Euskal Herrian
Istripu gehienak hasiberriek izaten dituzte, uda garaian, olatuak txikiak izan arren jende pilaketak izaten direnean. Gurean istripu larriak izan dira azken urteetan, baina oso gutxik jaso dute udalen eta komunikabideen arreta. Hona zenbait kasu.
2011ko ekainaren 11n, 16 urteko bilbotar bat Bakion surf egiten ari zela gaizki sentitu eta lagunei atera egingo zela esan ostean, bistatik galdu zuten. Ordu batzuen buruan arroketatik gertu aurkitu zuten gaztearen gorpua.
2014ko urriaren 5ean Andres eta Javier Guibert Valencia, 46 eta 44 urteko iruindarrak, Zarautzera surf egitera joan eta itota hil ziren bi anaiak.
2016ko urtea zinez beltza izan zen. Uztailaren 10ean Sopelan istripua izan zuen Sergio izeneko surflari batek. 30 urteko gazteak ondoezak jota kordea galdu zuen eta egoera larrian atera zuten itsasotik. Hilabeteak behar izan zituen bilbotarrak errekuperatzeko.
Abuztuaren 25ean, Julen Madina korrikalari hernaniarra hil zen Zurriolan body-surf egiten ari zela istripua izanda.
Azaroaren 20an, Iker Artetxe 34 urteko surflari bizkaitarra hil zen Lanzarote uhartean, Famarako kostaldean itota.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
