Surflari ernegatua

Kiroldegi ikuspegia

Urte asko egin nituen surfa kirol arriskutsua ez zela pentsatzen. Oraindik kirol estatusa ere ez zuenean nuen usteetako bat zen, eta egun oraindik surfa ez dela arriskutsua pentsatzen dut, futbola bezalako kirolekin alderatzen badugu behintzat, zeren ez dago burmuinean kaka sortzen duen ezer baino gauza arriskutsuagorik. Zauri fisikoak burukoak baino askoz ere errazago konpontzen dira eta denbora gutxiago behar izaten dute gainera. Hain zuzen ere, surfa futbola bezalako kirolekin antza hartzen hasi zenean bilakatu zen arriskutsu. Kontsu- mo iturri bilakatu zenean. Kostako surflariek lehorretik zetozen surflari berriei egozten zieten surfean gertatzen ari zen bilakaera tamalgarria, baina egiaz, aldaketa integrala izan zen, kostako edo lehorreko, surf egitera itsasoratzeko modua izan zen aldatu zena, abiapuntua alegia, itsasoari begiratzeko manera. Olatuak kontsumitzen hasi ginen ia oharkabean, eta pixkanaka surfak egun duen forma hartu zuen. Alegia, kaka-mokordo itxura. Surf egiten ikasten hasten garen lehen egunetik eratzen da surfa, itsasoa eta olatuak ulertzeko modua. Surf eskola batera baino, surf denda batera doana kontsumismoa oinarri duen ikuspegi batetik abiatuko da. Zorte apur batekin irakasle on bat duenak itsasoratzeko lagungarri izango zaizkion tresnak eskuratu ahal izango ditu, eta gainontzeko guztiak numero bilakatuko dira, denek izango dute antzeko estiloa, antzeko ametsak, antzeko helburuak eta antzeko bidaia erreserbak. Baliko Kuta etorbidean elkar topo egiten ez badute, herriko kiroldegian ikusiko dute elkar.

Ez noa luzatzera kiroldegietara joatearen kontu horrekin. Lagun asko ditut joaten direnak, motorrean edo autoz, eta ondorioz, laudoriorik merezi ez dutenak, zeren kirola eta kiroldegiak oximoron bat dira, alegia bi kontzeptu kontrajarri, zuria eta beltza, edo jeltzalea eta bakezalea, bezala.

Kiroldegietako ikuspegi hori jada txertatuegia dago surf munduan, atzera egiten hasteko; beraz, itsasoa arazoak lehorrean utzi eta babes hartzeko gune aske moduan ikusten dugunok, lehorreko arazoak itsasora eramateko zabortegi moduan ikusten dutenekin partekatzera behartuak gaude. Lehenak gutxiengoa gara eta bigarrengoez inguratuta gaude.

Norbaitek izango ditu gure kostaldeko hondartzetan izaten diren istripuen datuak. Zenbat surflarik zer nolako istripua izan duten, non, zein ordutan, irakasle batekin zeuden edo ez, zein surf eskolatako ikasleek izan dituzten istripu gehien, eta abar. Datu guzti horiek sorosleek eta udaletxeek eskura dituzte, eta bezeroek horien berri izateko eskubidea izan beharko lukete. Ez lirateke gauzak batere aldatuko, jendeak inongo tramankuluren beharrik gabe kalean egin daitekeena eremu itxi eta itogarrietan egiten jarraituko luke, olatuez gozatu beharrean olatuak kontsumitzen, eta ozeanoak ezartzen duen ordutegiaren arabera aritu beharrean, norberaren denbora faltak ezartzen duen unearen arabera itsasoratzen. Baina gutxienez, istripuen eta aipatu dudan kiroldegietako ikuspegi eskas hori sustatzen duten udal eta denda-eskolen artean dagoen lotura zuzena agerian geratuko litzateke.