Andoni ARABAOLAZA
Entrevue
ION BERASATEGI
«EVEREST. PORQUE ESTÁ AHÍ» LIBURUAREN EGILEA

«1924. urteko espedizioaren misterioari soluzio pertsonala ematen diot liburuan»

Legazpin jaio baina Bergaran bizi den idazle honek Desnivel Literatura Lehiaketaren hemeretzigarren ekitaldia irabazi du. Horren berri joan den urteko irailean jaso zuen, baina «Everest. Porque está ahí» liburua abenduan argitaratu zen. Hurrengo elkarrizketan, Berasategik obra irabazlearen inguruan hitz egin digu.

Lehenik eta behin, Ion Berasategi ezagutu nahiko genuke. Berez, lanbidearen aldetik, zenbakien artean egoten zara. Baina, ikusten dugun bezala, letrek eskaintzen duten sormena ere gogoko duzu. Nola, noiz eta zergatik hasi zinen idazten?

Zazpi bat urte izango dira idazten hasi nintzela. Aljeriako basamortuan egindako bidaia baten ondoren, bertan girotutako istorio bitxi eta dibertigarri bat bururatu zitzaidan, eta ordenagailuan idaztea erabaki nuen. Hura izan zen nire bataioa. Beste mundu bat zabaldu zitzaidan begien aurrean; letren mundua, hain zuzen ere. Istorio hura berreskuratu eta berridatziko dut egunen batean, idatzi ditudan guztietatik dibertigarriena baita.

Idazteak zer ematen dizu?

Gustura pasatzen dut idazten. Denbora-pasa bat da, irakurtzea, musika entzutea edo mendira joatea izan daitekeen bezala. Idazteak irakurtzera eta pentsatzera bultzatzen nau, eta, ondorioz, gauza berriak ezagutzera. Baina guztiak ez dira abantailak: lo egiteko orduak gutxitu egiten dira.

Desnivelek antolatzen duen literatura lehiaketa hau irabazi duzu. Antza denez, epaimahaiak argi zeukan aurkeztutako 113 obren artean zure nobela zela onena. Epai horrek harritu al zaitu?

Halaxe da. Epaimahaia Juanjo San Sebastianek, Pati Blascok eta Ricardo Martinezek osatu dute, eta, itxura denez, ados zeuden "Everest. Porque está ahí" irabazle izan behar zela. Beraien ustez, umore eta ironiaz beteriko kontakizuna da. Tentsioa gora doa orrialdeak aurrera doazen heinean, eta denbora galtzeko paragraforik ez omen dago.

Alabaina, literatura sari bat irabazten duzun lehen aldia ez da izan. Izan ere, duela lau urte “Un diamante en el desierto”-rekin Mikel Esseryren omenez antolatzen den bidaien inguruko kroniken saria jaso zenuen. Sari horrek Desnivelen lehiaketara aurkeztera bultzatu zintuen? Zergatik aurkeztu zinen?

Sari hura irabazteak zeharo gaizki ez nuela idazten erakutsi zidan, eta idazten jarraitzeko bultzada bat izan zen niretzat. Desnivelek urtero antolatzen duen literatura lehiaketaren baldintzetara ederki moldatzen zen istorioa neukan buruan bueltaka, eta idaztea eta sarira aurkeztea erabaki nuen. Hilabete batzuetan, gutxitan oheratu nintzen goizeko ordu bata baino lehen.

Mendizale, eskalatzaile zein bidaiazalea zara. Idatzi eta saritutako bi liburu horiek zure aisialdiko bi aurpegiak jasotzen dituzte. Non sentitzen zara erosoen: mendiko ala bidaietako testuak idazten?

Egiten ditudan bidaia gehienek mendia dute protagonista, eta biak nahastea errazena da niretzat. Baina bidaiak eta mendiak ez dira nire inspirazio iturri bakarrak. Baditut idatziak lan batzuk mendiarekin zerikusirik ez dutenak, eta arlo horretan ere gustura ibiltzen naiz.

Desniveleko lehiaketa “Everest. Porque está ahí” liburuarekin irabazi duzu. Munduko gailur garaienaren inguruan asko eta asko idatzi da. Ia “dena” dakigu. Zergatik aukeratu zenuen hain “erabilita” dagoen Everest mendia?

Asko idatzi dela ziur nago, baina alpinismoarekin edo mendizaletasunarekin zerikusirik ez duen batek ezer gutxi daki munduko mendirik altuenari buruz. Bestela, egin diezazkiogu kalean dabilen edonori bi galdera hauek: zein da Everest mendiaren benetako izena eta ze bi herrialderen artean dago kokatua. Ea zenbatek ematen diguten erantzun zuzena.

Ea zenbatek ezagutzen duten Everest mendiaren inguruan dagoen misterioa. Oso gutxik. Alpinismoarekin edo mendizaletasunarekin zerikusirik ez daukaten irakurleek Everest mendiaren bitxikeriak ezagutzeko aukera izango dute, istorioarekin gozatzeaz aparte.

Nahiz eta ikuspuntu pertsonal batetik jorratu duzun, Everest mendiaren ipar isurian bi garai ezberdinetan eginiko bi espedizioa landu dituzu: 1924. urteko britainiarren saioa eta 1986an Jean Troillet eta Ehrard Loretanek Horbein korridorea eskalatu zutenekoa. Iragana eta oraina. Zergatik aukeratu dituzu bi espedizio horiek eta ez beste batzuk?

Mallory eta Irvinen desagerpenarekin alpinismoaren misteriorik handiena bertan sortu zelako aukeratu dut 1924. urteko britainiarren espedizioa. Ofizialki, Hillary eta Norgay izan ziren 1953. urtean Everest mendiaren gailurra zapaldu zuten lehenak, baina aditu batzuek posibletzat hartzen dute 29 urte lehenago Malloryk eta Irvinek gailurra lortu izana. Nik saiakera haren bertsio pertsonal bat kontatzen dut liburuan. Gaur egungo espedizioaren istorioa zaharrarenarekin nolabait elkartzea nahi nuen, eta horregatik aukeratu dut Everesteko ipar horma. Troilletek eta Loretanek lortu zutena ez du oraindik inork errepikatu, eta erronka polita iruditu zitzaidan 2013. urteko espedizioaren bi partaide xelebreentzat.

Bi istorio horiek era paraleloan lantzen dituzu, baina, hori bai, arestian aipatu dudan bezala, ikuspuntu pertsonal batetik. Irakurlea erakartzeko al da?

Irakurlearen interesa hasieran piztea eta istorioek aurrera egiten duten neurrian gehitzea da helburua. Istorioak paraleloki lantzen ditut, kapituluak tartekatuz, eta bi istorioen artean 90 urteko aldea egon arren, une batean elkartu egiten dira. Paralelotasuna berreskuratzen dute edo betiko elkartzen dira? Irakurri egin behar jakiteko.

Bi espedizio horien informazioa biltzen eta idazten jardun duzu. Non sentitu zara gustuen? Zein da zuretzako kuttunena?

Ezingo nuke bata edo bestea aukeratu, bietan sentitu bainaiz oso gustura. Seme-alabak bezalakoak dira niretzako. Espedizio zaharreko pertsonaien nortasunak eta pasadizoak asmatzen asko dibertitu naiz, baina baita ere gaur egungo espedizioko protagonisten elkarrizketak idazten.

Irakurtzen denez, bi espedizio horien ikuspuntu teknikoa ez duzu lantzen. Iruditzen zait deskribapen soilagoak edo hurbilagoak egin dituzula. Emaitza hori lortu nahi al zenuen?

Alpinismoarekin zerikusirik ez daukan irakurlea eroso sentitzea izan da nire helburua, eta horretarako alpinismoak dituen hitz teknikoak ahalik eta gutxien erabiltzen saiatu naiz. Ea lortu dudan.

Nahiz eta argi eta garbi dagoen ze espediziori buruz hitz egiten ari zaren, batean ala bestean, protagonisten izenak aldatu dituzu. Zergatik hori?

1924. urteko espedizioari dagokionez, urte hartan bertan britainiarrek egindakoan inspiratua dago, baina ez zitzaidana ondo iruditzen zera zen: espedizio horri buruz dauden testu batzuk irakurri eta nire istorioan laburbildu. Hori "kopia eta itsatsi" bat besterik ez zen izango. Beste zerbait nahi nuen nik. Horregatik, benetako espedizioaren gauza gutxi batzuk mantenduz, izenak, nortasunak, ogibideak, pasadizoak… asmatzea erabaki nuen. Espedizio modernoaren istorioan, orain dela hiruzpalau urte Nepal eta Tibet-era egindako bidaia batean bizitakoak oso baliagarriak gertatu zaizkit. Eta bi alpinista euskalduni eman diet Loretanek eta Troilletek lortu zutena errepikatzeko aukera.

1924. urteko espedizioari dagokionez, Andrew Irvinek eta George Malloryk gailurra zapaldu ote zuten misterioak gaur egun ere hor jarraitzen du. Misterio horren aldeko apustu garbia egiten duzu liburuan Fernsby eta Smith pertsonaiekin. Zergatik?

Misterioari soluzio pertsonal bat ematen diot liburuan, baina, hala eta guztiz ere, misterio izaten jarraituko du. Gailurra lortu zuten? Ez zuten lortu? Espediziokide batek gailurretik nahiko hurbil ikusi zituen Mallory eta Irvine, lainoek estali zituzten arte. Irakurle bakoitzaren buruak edo bihotzak erabaki dezala zer gertatu zen. Mallory eta Irvine desagertu ziren momentuan, misterio bat piztu zen. Ez dezagun itzali, misterioa egia bezain ederra izatera hel daitekeelako.

Elkarrizketa batean Everest igotzera zergatik zihoan galdetu ziotenean, Malloryk «hor dagoelako» erantzun zuen. Hots, erantzun hori liburuaren izenburuan jaso duzu.

1923. urtean gertatu zen hori. George Mallory Ameriketako Estatu Batuetan zegoen, hurrengo urteko espedizioa sustatzeko asmotan, eta «hor dagoelako» izan zen haren erantzun laburra. Beharbada ez zeukan hitz egiteko gogo handirik edo berak ere ez zekien azaltzen zergatik nahi zuen Everest mendia igo. Benetan gustatu zitzaidan erantzun hori, eta istorioaren izenburua aukeratzerakoan ez nuen inongo zalantzarik izan.

2013. urteko espedizioko protagonistak Kurdo eta Karpov dira. Nahiz eta ez den batere ohikoa, Horbein couloir-a aukeratzen dute. Izaera horretako eskalada batentzat, ia-ia, espedizio “hippy” bat aurkezten diguzu. Askotan igoera horiei ematen zaien gehiegizko tratamendua apaldu nahi izan duzu?

Bai, hippy samarrak dira Kurdo eta Karpov, baina beraien curriculuma begiratuz... Argi! Espedizio komertzialekin alderatuta puntan dagoen estilo alpinoa nahi nuen goraipatu; hain zuzen ere, erronka gogorrei eta berriei estilo alpinoarekin ekiten dieten alpinistak. Euskal Herrian baditugu horrela ari diren hainbat adibide.

Amaitzeko, esan daiteke liburu horrekin Everesti eta bi espedizio horiei omenaldia egin nahi izan diezula?

Batez ere espedizio zaharreko partaideei egin nahi izan diet omenaldia. Haiek, bai, ausartak, gogorrak eta indartsuak ziren. Jantzi dezagun gaur egungo alpinista bat orduko arropa, bota eta kranpoiekin; ken diezazkiogu mugikorra, walkia, barrita energetikoak eta Interneteko konexioa; eta has dadila Everest mendiaren maldetan Norton korridoretik gora. Ea noraino heltzen den. Teknologiak eman dizkigun abantailak, indarrarekin eta burugogortasunarekin ordezkatzen zituzten orduko alpinista haiek. Beraiena izan zen aintza.