GARA
bilbo

Irakasleen mahaia deitu eta eztabaida lekua hori dela erran die Lakuak sindikatuei

Aurrematrikulazioaren aurkezpenean, Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza sailburuak irakasleen mahaia deitu du ostiralerako. Azaldu duenez, ez du ulertzen sindikatuek iragarritako greba egutegi «intentsiboa».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko aurrematrikulazio epea heldu den astelehenean irekiko da, urtarrilaren 29an. Atzo eman zituen xehetasunak Cristina Uriarte sailburuak eta, horrekin batera, irakasleen mahaia deitu zuen.

Ostiral honetarako antolatu du bilkura, joan den abenduan Hezkuntzak sindikatuei luzatu zien eskaintzaz eztabaidatzeko. Uriartek azpimarratu zuen elkarrizketarako prest daudela, nahiz eta «harrigarria» iruditzen zaien ELA, LAB eta Steilasek greba egutegi «intentsiboa» iragarri izana, negoziatzen segitzeko deia egina zegoenean.

Sindikatuek abisatu zuten egoera bideratzen ez bada langile bakoitzak zortzi egunez eginen duela greba. Mobilizazio orokorrak antolatuko dituzte martxoaren 14 eta 15erako eta ekainaren 12rako. Eta, tartean, asteko grebak eginen dituzte sektoreka (irakasleak, hezkuntza berezia, sukaldari eta garbitzaileak, eta Haurreskolak). Eskatzen dituzten neurrien artean daude inbertsioa eta plantilla handitzea eta aldizkako lanaldiak guttitzea. Momentuz, Gobernuaren jarrera eurenetik urrun ikusten dute eta protestak deitu dituzte presionatzeko.

Hezkuntza sailburuak, berriz, ez du sindikatuek eurekin hitz egin gabe hartu duten erabaki hori ulertzen, are guttiago aurrematrikulazio epea irekiko den garai honetan. «Mahaia da eztabaidatzeko eta negoziatzeko lekua», nabarmendu zuen atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. Oroitu zuen abenduan proposamenak luzatu zizkietela eta sindikatuak horiek aztertzekotan eta urtarrilean solasean segitzekotan gelditu zirela.

«Guk negoziazio mahaietan sinesten jarraitzen dugu eta espero dugu eurak arduraz jokatzeko gai izatea eta hala egitea», adierazi zuen.

Sailak proposamen berriak eginen dituen galdetuta, aukera hori mahaian bertan aztertu beharko litzatekeela erantzun zuen. Eta berretsi zuen oraindik ez dutela abenduko eskaintzaren inguruan eztabaidatu eta negoziatu.

Aurrematrikulazio datuak

“Handitzen, handitzen... mundua eskura izateko” leloarekin aurkeztu zuen Cristina Uriartek 2018-19 kurtsoko aurrematrikulazio epea. Astelehenean irekiko da, urtarrilaren 29an, eta otsailaren hasieran itxi. 684 eskola dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, horietatik %66 publikoak. www.hezkuntza.net webgunean ematen ahal da izena (otsailaren 8ra arte), baita eskoletan bertan ere (9ra arte).

Otsailaren 20an argitaratuko da eskaeren zerrenda eta martxoaren 1ean, aldiz, emandako lekuen behin-behineko zerrenda. Behin betikoa martxoaren 22an plazaratuko da, baina errekurtsoak jartzen ahalko dira.