Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Kontuz!

Ziur asko, jakin bazekien Patxi Zamorak kontuz ibili behar zuela Nafarroako Kutxaren ingurukoak azaleratzen hasi zenean, baina ez zen isildu. Litekeena da norbaitek «kontuz Patxi!» esan izana kazetariak “El Banquete” liburuan urte luzeetako ustelkeriak bildu zituenean, baina ez zen isildu. Ez zen isildu, hamarkada luzez Nafarroa euren erreinua balitz bezala gobernatzen ibilitakoen erregimenarekin gure herrialde zaharraren bestelako irudia eman nahi izan badute ere, duintasun handiko jendea badelako gurean, kikildu gabe, ausardiaz, jasanezina zen egoera salatzera abiatu zena. Kutxa publiko baten desagerpena suposatu zuen “CAN auzian” inplikazioa izan zutenak lasai asko dabiltzan bitartean –batzuk oraindik ere diru publikoak kudeatzen–, horien gehiegikeriak salatu dituen Kontuz! elkarteko bozeramaileak bere azken 30 urteetako lanpostua galdu du, susmagarria baino gehiago den Guardia Zibilaren erabaki arbitrario bat dela medio.

Zantzu guztien arabera, ez da arrazoi profesionalekin argudiatutako erabakia eta norbaiten agindua izan den susmoak oinarriak ditu. Beldurgarria da Nafarroako erregimen zaharraren botere faktikoen indarra eta honekin betiko akabatzeko arduraz jokatu beharra dago, aldaketa politikoak ez dezan ihes egin. Kontuz ibili behar dugu, berriro itzul ez daitezen.